Lanak aurkezteko epea 2025eko irailaren 10ean amaituko da, eguerdiko 12:00etan.
Literatura Unibertsala euskaratzeko deialdia zabaldu EIZIE elkarteak irailaren 10era arte. Ekimenean parte hartu nahi dutenak itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke. Itzuli beharko diren obrak, berriz, honakoak izango dira: Nadine Gordimer (Burger’s Daughter), aurkeztu beharreko lagina, hemen; eta Kenzaburo Oe (Warera no kyoki o ikinobiru michi o oshieyo – Teach Us to Outgrow Our Madness), aurkeztu beharreko lagina: japonieraz || ingelesez (Japonieratik egiten ez bada, ingelesetik egin beharko da itzulpena”.
Lanak paperean aurkeztekotan, lehiatzaileen eskura jarritako laginaren itzulpena, ezizen batekin bidali beharko da, eta gutun-azal itxi baten barruan itzultzailearen datuak adierazi beharko dira, ezizen bera errepikatuko da gutun-azalean. Hauek dira adierazi beharreko datuak: itzultzailearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, izenpea. Nortasun agiriaren fotokopia ere sartu behar da gutun-azal horretan. Biak gutun-azal berean sarturik, EIZIE elkartearen egoitzan aurkeztu beharko dira lanak Zemoria 25, behea – 20013 Donostia helbidera. Postaz edo mezulariz bidaliz gero, «Literatura Unibertsala» lehiaketarako dela adierazi behar da gutun-azalean.
Posta elektronikoz bidali nahi izanez gero, idazkaritza@eizie.eus helbidera bidali beharko da mezua, gaia adierazirik: Literatura Unibertsala itzulpen-lehiaketa. Bi dokumentu bidali beharko dira mezuaren barruan: batean, testuaren itzulpena bera, ezizen batekin; bestean, ezizen horren atzean dagoen itzultzailearen datuak (gorago adierazitakoak).
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “itzulpenen bat obraren jatorrizko hizkuntzatik egin ezean, erabili diren sorburu-hizkuntzei dagozkien testuak aurkeztu beharko dira. Nolanahi ere, jatorrizko hizkuntzatik itzultzea hobetsiko da”.
Itzulgai bat baino gehiago hautatuz gero lehiaketarako, gutun-azal / mezu bana erabili beharko da aurkezteko.
Epaimahaia
Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia, jasotako itzulpenak aztertu eta esleipena egiteko: Aitor Blanco Leozek (EIZIEk izendaturik), Iñigo Roque Eguzkitzak (Eusko Jaurlaritzak izendaturik) eta Inazio Mujika Iraolak (itzulpenok argitaratuko dituzten argitaletxeek izendaturik). EIZIEk idazkari bat ere izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena.
Esleipenaren jakinarazpenari dagokionez, EIZIE elkartearen webgunearen bidez jakinaraziko da epaimahaiaren erabakia. Esleituak izan diren proiektuen itzultzaileei zuzenean jakinaraziko zaie.
Esleipenaren ondoren, obra osoaren itzulpena egiteko kontratua sinatuko dute EIZIEk eta itzultzaileak, eta obra hori hirugarren batek argitaratzeko baimena emango dio itzultzaileak Elkarteari (Erein eta Igela argitaletxeek argitaratuko dituzte paperezko liburu forman eta e-book forman, bilduma honetarako bat eginik).
Argibide gehiago, hemen.