Haurrei eta familiei zuzendua, euskaratik eta euskaraz sortutako eta musika ardatz duen proiektua da. Ingurune digitalean bideratzen da eta euskal kultura, ohiturak eta gizarte hobeago baten aldeko balore unibertsalak sustatzea du helburu.
Loa eta Laia marrazki bizidun digitalen telesaila aurkeztu dute Bilboko Euskararen Etxean. Bertan azaldu dutenez, “haurrei eta familiei zuzendutako telesaila musikaren inguruan ardazten da, eta euskal kultura, ohiturak eta gizarte hobeago baten aldeko balore unibertsalak sustatzea du helburu.
Josu Bergara Aretxabaleta musikari eta publizista da egitasmoaren sortzailea, bai eta telesailaren musikaren egilea ere. Halaber, Paul Caballero arduratu da telesailaren irudiak sortzeaz. Beraiekin batera, Ane Martinez Martinez eta Leire Aparicio Guerrero abeslariak eta Nerea Alberdi eta David Sanchez Damian musikaren moldaketa eta produkzio arduradunak izan dira aurkezpenean.
2 eta 7 urte bitarteko haurrentzako egitasmoa da Loa eta Laia, eta euskararen eta musikaren inguruan ardazten da. “Musika eta euskara dira egitasmoaren ardatzak eta bi pertsonaia horiek, inguruan dituzten beste lagun batzuekin batera, euskaraz eta Euskal Herrira begira, ohiturak transmititu, edukiak landu eta jarduerak proposatuko dituzte”.
Esaterako, Gau Beltza edo Euskararen Eguna jorratuko dituzte, horretarako propio sortutako kantuen bidez. Gau Beltzari dagokiona, hain zuzen, estreinatu dute jada. Hilero eduki berri bat sortu nahi dutela adierazi dute.
Loa eta Laiaren abenturak egitasmoaren webgunean eta Youtube kanalean ikusi ahal izango dira.