(argazkia: Oihaneder Euskararen Etxea)

‘Loa, loa lagunak’, ‘Poliedro Vol. 1’ eta ‘Larrugorritan’ proiektuen crowdfunding kanpainak abian

40 eguneko iraupena izango duen crowdfunding bana jarri dute abian Euskal herriko eta Gasteizko kulturzale eta euskaltzaleek beren proiektuak diruz lagun ditzaten.

Maider Lasa, Eñaut Zubizarreta eta Ane Nafarrate, Jone Arriola eta Uxue Botas gazteak dira iazko urrian martxan jarritako Batera: kultur proiektuak elkarrekin sormen bekako lan aukeratuen egileak. Hilabete eman dute crowdfunding kanpainak prestatzen Itsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko; gaur jarri dituzte abian.

Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak hiru proiektu hauek aukeratu zituen “proiektuen orijinaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezakeen interesagatik”.

Aukeratutako proiektuak garatu ahal izateko Lasak, Zubizarretak eta Nafarretek, Arriolak eta Botasek deialdiko antolatzaileen laguntza jaso dute: Gasteizko proiektu onenari, Loa, loa laguna, Oihaneder-Gaukeoak antolatzaile bikoteak eman dio laguntza, Arabako proiektuari, Larrugorritan, Vital Fundazioak eta Euskal Herrikoari, Poliedroa vol.1, Laboral Kutxak.

Izan ere, crowfunding eta komunikazio kanpaina orokorra antolatzeko aholkularitza jaso dute, baita kanpaina osatzeko 2.000na € ere. Era honetan, 40 eguneko iraupena izango duen crowdfunding bana jarri dute abian Euskal herriko eta Gasteizko kulturzale eta euskaltzaleek beren proiektuak diruz lagun ditzaten.

Maider Lasak Loa, loa laguna izenburupean, helduentzako sexu lo kantez osatutako diskoa egin nahi du. Proiektu honen baitan, diskoaz gain, bideoak eta zuzeneko ikuskizun baten grabazioa ere egiteko asmoa du. Ekimen artistiko honen bidez, euskal lo kanta herrikoiak berreskuratu nahi ditu, eta bide batez, sexu-energia ikertu.

Eñaut Zubizarretaren Poliedro Vol.1 proiektuak biolontxeloa gaur egungo musiketara egokituko du. Horretarako, proiektua bi zatitan bereiztuko du: alde batetik, forma eta kolore anitzetako 19 abestiz osatutako diskoa egingo du. Modu honetan, biolontxeloarekin beste musika bat egitea posible dela ikusarazi nahi du. Eta bestetik, eta hari beretik tiraka, gaurko eta biharko txelo, biolin jotzaile eta abarrek lengoaia berri hauetan hezi nahi ditu eta horretarako metodologiaz eta partiturez osatutako liburu bat ere argitaratuko du proiektu honen baitan.

Taldean aurkeztu dute beren proiektua Ane Nafarrete, Jone Arriola eta Uxue Botas gazteek: Larrugorritan, gazteei zuzenduta dagoen euskarazko fikziozko serie bat da. Bost kidez osatutako kuadrilla batek emakume eta gizonezkoen estereotipo eta mitoekin apurtuko du. Euskal gazteek egunerokotasunean bizi dituzten gatazkak eta dilemak jorratuko dira telesail honetan: Enak, Nikok, Larak, Alik eta Maik haien mendeko gaiei egin beharko diete aurre: drogak, sexua, identitate-arazoak, traumak, sare sozialak, maitasuna eta adiskidetasuna.

Zabaldu: