Loraldia Elkarteak gazteei zuzendutako udako sormen egonaldia aurkeztu du

18 eta 29 urte bitarteko 15 gaztek askotariko diziplinatan esperimentatzeko aukera izango dute, uztailaren 10etik eta 15era bitartean, erreferente diren profesionalen eskutik. Tailerrez gain, Loraldiak Lekeitioko Sormen Astea antolatuko du: euskal kulturaren zenbait erreferentek zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte eta herri osoari zabalduko dizkiete. 

Loraldiak, Gaztea ekimenaren baitan, Udako Olaren bigarren edizioa antolatuko du uztailaren 10etik eta 15era bitartean, Lekeition. Egitasmoaren helburuak dira “gazteei zuzendutako sormena sustatzea, gazteei profesionalizatzeko bidean laguntzea formazioa eta plaza eskainiz, elkarteak berezko dituen baloreak sustatzea, kultur aniztasuna islatzea, sormen-egonaldiak eskaintzea eta gazteen harremanak euskaraz sustatzea”.

Hala, sei eguneko sormen egonaldia 18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo da eta sortzaile profesionalen eskutik ikastaro trinkoak jasotzeko aukera izango dute. Sei egun horietan, egunero gai ezberdin bat jorratuko dute dagokien sortzailearekin. Antolatzaileen esanetan, “egonaldiak lanketa egiteko tartea izango du eta baita kultur ekintzez gozatzeko aukera paregabea ere”.

Gazteek Lekeition egongo diren sei egunetan Trinkete Etxea Ostatuan izango dute aterpe eta formakuntza tailerretan hartuko dute parte egunero, arlo ezberdinak jorratuz.
Sortzaile profesionalek gidatuko dituzte saio hauek, besteak beste: Jon Mayak (Kukai Dantza Taldea), JMartinak, Mixel Etxekoparrek eta Jean Kristian Galtxetaburuk, Oskar Alegriak eta Uxue Alberdik.

Profesionalek eskainiko dituzten saio hauetan gazteek aukera izango dute kultur-erreferenteak zuzenean ezagutzeko, transmisioa lantzeko eta bakoitzaren alor zehatzaren inguruko edukiak jasotzeko. Era berean, gazteek euren sormen lan bat garatzeko aukera izango dute egonaldian zehar, eta azken egunean Lekeition bertan erakutsiko dute sortutakoa publikoaren aurrean eta Olatz Gorrotxategik zuzenduta.

Udako Olaren helburuak transmisioa lantzea, sormena sustatzea eta  bide propioa egiteko sormen gune berri baten proposamena direla nabarmendu du antolakuntzak.

Parte hartu nahi dutenek izena emateko epea zabalik dute jada. “Edozein gaztek har dezake parte. Udako giroan, herri liluragarri batean eta lehen mailako sortzaileen eskutik eskura”, adierazi du Loraldiak.

Izena emateko: https://www.loraldia.eus/gaztea/udako-ola

Zabaldu: