Bilbronx (argazkia: Loraldia)

Loraldia Elkarteak gazteei zuzendutako udako sormen egonaldia eta programazio egonkorra aurkeztu ditu

Bi zatitan banatzen da Loraldia Gazteak ekimena: alde batetik, Loraldia Terminala espazioa gazte-sormenaren gune bilakatuko da, Bilboko La Terminal aretoan programazio egonkor bat eskainiz. Bestetik, Udako Ola sormen egonaldia egingo da Lekeition.

Loraldia Kultur Elkarteak Gaztea ekimena aurkeztu zuen iazko urte amaieran. Egitasmoaren helburuak dira “gazteei zuzendutako sormena sustatzea, gazteei profesionalizatzeko bidean laguntzea, formazioa eta plaza eskainiz, elkarteak berezko dituen baloreak sustatzea, kultur aniztasuna islatzea, sormen-egonaldiak eskaintzea eta gazteen harremanak euskaraz sustatzea”.

Gazteak bi alor jorrauko ditu: alde batetik, gazteek sortutako sormen proposamenak eskaintzea programa egonkor batekin, La Terminal espazioan. Bestetik, Udako Ola: transmisioa lantzeko, sormena sustatzeko eta bide propioa egiteko sormen gune berri baten proposamena. Udako Ola Lekeition egingo den sormen egonaldia izango da.

Hala, elkarteak Loraldia Terminalean euskal gazte-sormenaren harrobia ezartzea du helburu. Haceriak Arteak elkarteak kulturgune bihurtu duen lantegi zahar eta handian dago kokatuta La Terminal aretoa. Bertan, sortzeko eta euren lana ezagutzera emateko aukera izango dute gazte euskaldunek.

Asmo honek aurrera egingo du programazio egonkor batekin. Hala, hilean behin, gazteek sortutako mota askotariko euskarazko proposamen artistikoak eskainiko dira bertan. Datozen hilabeteetarako programazioa prest dute jada.

Loraldia Udako Ola 

Udako Ola transmisioa eta sormena lantzeko Loraldia Kultur Elkarteak antolatu dituen sei eguneko egonaldi kulturala da. Lehenengoz egingo da aurten eta Lekeitio aukeratu dute horretarako. 18-25 urte bitarteko gazteei zuzenduta, 50 lagunentzako esperientzia eskainiko da, bi txandatan: ekainaren 27tik uztailaren 3ra lehenengoa eta uztailaren 4tik 10ra bigarrena. “Transmisioa landuko da. Gazteei gaurko erreferenteak ezagutzeko parada eskaini, sormena sustatu eta bide propioa egiteko sormen guneak zabalduko dira”.

Sortzaile profesionalek gidatuko dituzte saio hauek, besteak beste: Patxo Telleria, Iratxe Fresneda, Jokin Oregi edota Itsaso Arrieta. Honez gain, sortzaile batzuen sormena hurbiletik ezagutzeko aukera izango dute: Miren Agur Meabe, Eñaut Elorrieta, Mursego, Mikel Martinez… bisitan hurbilduko dira egonaldiaren egoitzara eta saio bereziak eskainiko dituzte. Aldi berean, gazteek eurek sortutako proiekturen batean lan egingo dute egonaldian zehar eta azken egunean Lekeition bertan aurkeztuko dute.

Izena emateko epea zabalik 

Ekimen honetan izena emateko epea zabalik dago jada apirilaren 29ra arte. Loraldia Kultur Elkarteko webgunearen bidez eman daiteke izena, bertan dagoen inprimakia betez.

Zabaldu: