(argazkia: Loraldia)

Loraldia Kultur Elkarteak datozen hiru urteetarako egitasmo estrategikoak aurkeztu ditu

Loraldia GARA. Zerumuga begietan ekitaldia ospatu du Loraldia Kultur Elkarteak Bilboko Itsas Museoan hamargarren urteurrenari begira. Bertan, datozen hiru urteetan martxan jarriko dituen egitasmo estrategikoak aurkeztu ditu.

Loraldia Kultur Elkarteak hamargarren urteurrena beteko du 2024an. Hori dela eta, 2022tik 2024ra bitartean garatuko dituen egitasmoak aurkeztu ditu Loraldia GARA. Zerumuga begietan izeneko ekitaldian. Aurkezpen honetan elkarteko sei kideek parte hartu dute eta ekintza sozial eta kultural xumea egin dute Bilboko Itsas Museoan. Honetan, datozen hiru urteetan garatuko diren egitasmo estrategikoak aurkeztu dira eta datorren urteko edizioaren zertzelada nagusiak eman dituzte.

Elkarteak adierazi duenez, “proiektu ilusionagarri berriak sortzen, imajinatzen eta abian jartzen” jarraitu nahi du. Euskal sorkuntza erdigunean jarriz eta sortzaileak, ikusleak eta beste kultur eragileak batuko dituzten egitasmoak sortuz, aurrerapauso bat eman nahi du. “Geroari begiratzeko modu berri bat”, diote.

Azaldu dutenez, “Loraldiak hamaika aurpegi ditu eta hamargarren urteurrena zerumugan duela, ikuspegi ezberdinetako arragoa koloretsua lantzeari ekingo diogu”.

Jaialdiari dagokionez, egitasmorik ezagunena dela adierazi du antolakuntzak, urtero, martxoan Bilbon udaberriari ongi etorria ematen diona. “Festibalak Bilbon eskaintzen duen babes-lekua sortzaileen portua da. Sormena da etorkizun-bidea eta Euskal Kultura garaikidea aldarrikatzen dugu lau haizetara”.

Baina elkarteak baditu beste ekimen batzuk martxan eta datozen urteetan proiektu berriei ere ekingo die.

Hala, ekoizpen propioak aipatu dituzte: “Loraldiaren sormen-lantegietan ez dago nekerik. Eragile aktiboa da. Produkzio propioak elkartearen nortasunaren partaide dira”.

Plaza da nabarmendu duten beste elementuetako bat: “Bilbotik Euskal Herrira eta Euskal Herritik mundura eramango du Loraldia festibala. Loraldiaren esperientzia Euskal Herriko hainbat bazterretan bizitzeko aukera eskainiko dugu”.

Horretaz gain, proiektuak euskal kulturaren transmisioa hezkuntzako kurrikulumean lantzen duela adierazi dute, “ikasleek sormenaren bidez uler dezaten zer garen eta espresiorako ahots propioa landu dezaten”.

Gazteekin lan egiteko sormen-lantegia ere azpimarratu nahi izan dute. “Gaurko erreferenteak ezagutzeko aukera eskaini, sormena sustatu eta bide propioa egiteko sormengune bat zabalduko du. Etorkizunean erreferente bilakatuko direnei plaza ematea da xedea”.

Zabaldu: