Irailaren 29an Zaratamon, eta urriaren 6tik 8ra Arrigorriagan izango da. Bertan, erreferenteak diren sortzaileek eta figura berriek hartuko dute parte. Besteak beste, Igor Elortza, Rafa Rueda, Aukeran Dantza Konpainia, La Basu, Olatz Salvador, Maialen Errotabehere eta Petti igoko dira oholtzara.
Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo-Arrigorriaga jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu dute Arrigorriagan, Bilboko Loraldia festibalaren esperientzia beste herri batzuetara hurbiltzeko asmoz.
Hala, irailaren 29an Zaratamon, eta urriaren 6tik 8ra Arrigorriagan, herritarrek musikarekin, dantzarekin, literaturarekin, bertsolaritzarekin, antzerkiarekin eta gastronomiarekin lotutako proposamenez gozatzeko aukera izango dute.
Ekitaldiak bi herrietako hainbat gunetan banatuko dira, eta helburua Loraldia esperientzia bi herri horietako eta inguruko herritarrei hurbiltzea da.
Ohi bezala, euskaraz sortutako kulturaren erreferenteek eta eszenako artista berriek hartuko dute parte. Besteak beste, Igor Elortzak, Rafa Ruedak, Aukeran Dantza Konpainiak, La Basuk, Olatz Salvadorrek, Maialen Errotabeherek eta Pettik hartuko dute parte.
Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak adierazi duenez, “Argi dugu altxor handia dela Euskal Herriko sortzaileek egiten dutena eta ezinbestekoa dela hauei gure bultzadarik handiena ematea. Guretzako ohore eta plazer bat da Arrigorriagan Loraldia ekimenaz gozatu ahal izatea eta gure udalerria euskal arte eta kulturaren topaleku bilakatzea”.
Era berean, Ainhoa Muerza Zaratamoko alkate ordeak azpimarratu duenez, “Loraldia Zaratamora heltzeak euskal kulturaren uzta berritzaileenak ezagutzera ematea suposatzen du eta gainera gure helburu estrategikoekin alor transbertsaletan bat egiteko aukera eskaini digu. Aurten, hor dugu Bozak kontzertua, emakume sortzaileen lana plazaratzea eta berdintasunean ekiteko adibidea.
Azkienik, Amaia Ocerin Loraldiako ordezkariak azaldu duenez, “Loraldia Plazarik Plaza! antolatzea ez da soilik festibal bat ontzea edo kultur ekintzen programazio bat eskaintzea. Loraldiak egiten duen ekarpena euskal kultur garaikidearen alor anitzak ezagutaraztea da, balore batzuekin lotuta eta egiteko modu propio baten bidez”.