(argazkia: Loraldia)

‘Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo-Arrigorriaga’ jaialdia aurkeztu dute

Lehen aukera Zaratamon eta Arrigorriagan izango da. Irailaren 30ean eta urriaren 6tik 9ra bitartean hainbat diziplinatako jarduerak eskainiko dira: musika, literatura, dantza, bertsolaritza, gastronomia eta zinema.

Bilboko Loraldia festibala beste herri batzuetara hurbiltzeko asmoz, Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo – Arrigorriaga ekimena aurkeztu dute gaur Arrigorriagan bertan. Izan ere, Bizkaiko bi udalerri hauek izango dira programa berri hau estreinatuko dutenak.

Loraldia Elkarteak urtero antolatzen du Loraldia Festibala Bilbon, euskaraz sortutako kultura garaikidearen proposamen berritzaile eta gaurkotuenak eskaintzeko asmoz.

Sustatzaileen helburua esperientzia horiek Euskal Herriko beste herri batzuetara zabaltzea da eta hala sortu da Arrigorriagan eta Zaratamon egingo den jaialdi berria. Ekimenak hainbat motatako kultur adierazpenez gozatzeko aukera eskainiko du, irailaren 30ean, Zaratamon eta urriaren 6tik 9ra, Arrigorriagan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “herritarrek musika, dantza, literatura, bertsolaritza, gastronomia eta zinemarekin lotutako proposamenez gozatu ahal izango dute”.

Ekitaldiak bi herrietako hainbat gunetan banatuko dira, eta helburua da Loraldia esperientzia bi herri horietako eta inguruko herritarrei hurbiltzea.

Ohi bezala, euskaraz sortutako kulturaren erreferenteek eta eszenako figura berriek hartuko dute parte. Besteak beste, Joseba Sarrionandiak, Ines Osinagak, Kukai Dantza Taldeak, Iñaki Salvadorrek, Ainara Ortegak, Angel Unzuk, Alaine Agirrek eta Olatz Salvadorrek hartuko dute parte.

Egitaraua

Jaialdia irailaren 30ean abiatuko da Zaratamoko Kultur Etxean eta bertan Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak Katuen kontuak ikuskizuna eskainiko dute. Literatura eta musika uztartzen dituen proposamena da honakoa.

Urriaren 6tik 9ra jarduerek Arrigorriagara egingo dute jauzia. Lehenengo egunean, zinemaren txanda izango da. Iratxe Fresneda Arrigorriagako zinemagileak martxoan estreinatuko den Tetuan bere hirugarren dokumental luzeko irudi batzuk erakutsiko ditu esklusiban. “Trilogia bat ixten duen ikus-entzunezko tresna hau nola filmatu den entzuteko aukera izango dugu”, azaldu dute.

Urriaren 7an, ostirala, bi ekimen izango dira: Gelajauziak koreografia Abusuko Kultur Etxean, Kukai konpainiaren eskutik eta Arrigorriagako Udaleko erakusketa aretoan aurkeztuko duten Gerorik balego, literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dituen proposamena. Arrakasta handiz estreinatu zen joan den martxoan Loraldia festibalaren edizioan eta orain arte ez da berriro ere eskaintzeko aukerarik izan. Loraldiak, orduan, etorkizunean pentsatutako testu bat eskatu zion Alaine Agirre idazleari. Hortik sortu zen proposamena. Abiapuntua Olatz Salvadorren soinu-banda eta Maider Altuna eta Arkaitz Zipitria bertsolarien erantzuna izango dira.

Urriaren 8an Lonbo aretoan, Laboa. Txoria nuen maite ikuskizuna izango da. Iñaki Salvadorrek sortutako Loraldiaren ekoizpena da honakoa. Salvadorrez gain, Ainara Ortegak, Angel Unzuk, Maria Berasartek, Javier Mayor de la Iglesiak eta Hasier Oleagak hartuko dute parte. Taldeak Mikel Laboaren dozena bat abesti mitiko berrinterpretatuko ditu.

Jaialdiari amaiera emateko, igandean, proposamen gastronomiko-musikal bat izango da; Topa dagigun. Kantak eta bermuta. Musikari dagokionez, Pauline & Juliette bikoak euskal musika herrikoia abiapuntu duen kontzertua eskainiko dute.

Zabaldu: