(argazkia: EHU)

Loraldiak eta EHUk gazteei zuzendutako euskal kulturaren transmisiorako tailerren programa aurkeztu dute

Sormen Ola du izena programak eta maiatzera arte antolatu dute. 16 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Gai monografikoak landuko dira saio bakoitzean eta erreferentziazko profesional adituek eskainiko dituzte, Jon Mayak, Paul Urkijok, Miren Amurizak, Patxo Telleriak edota Joseba Sarrionandiak, besteak beste.

Loraldiak eta EHUko kultura zerbitzuak gaur aurkeztu dute Sormen Ola ekimena, Bilboko EHUko Bizkaia Aretoan. Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko Gorka Moreno EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Amaia Ocerin Loraldiako komunikazio arduraduna eta Patxo Telleria sortzailea eta tailerren gidarietako bat izan dira.

Loraldiak Gaztea ekimenari ekin zion iaz. Lan lerro honen helburuak gazte-sormena sustatzea da, gazteei profesionalizatzeko bidean laguntzea, formazioa eta plaza eskainiz, elkarteak berezko dituen baloreak sustatzea, kultur aniztasuna islatzea eta diziplina aniztasuna, sormen-egonaldiak eskaintzea eta gazteen harremanak euskaraz sustatzea.

EHUk bat egiten du helburu hauekin eta horregatik bi eragileak elkartu dira programa berria sortzeko.

Sormen Ola, gazteei zuzendutako kultur transmisio tailerrak

Loraldiak lan lerro ezberdinak jorratzen ditu eta horietako bat gazteei zuzendutako egitasmo, ekintza eta programak sortzea da. Loraldia Gazteak euskal kulturaren transmisioa gazteen artean zabaltzea, gazte kultur zaleak sustatzea, gazteak kultur profesional erreferenteekin harremanetan jartzea eta sormena eta irudimena bultzatzea dira. Lerro honen lehen ekimena izan zen aurreko udan garatutako Udako Ola, gazte sortzaileei zuzendutako sormen egonaldia.

Izandako esperientzia horretatik abiatuta, sortu dute orain Sormen Ola programa.

Ocerinek adierazi duenez: “Loraldiak konpromiso sendoa du gure kulturaren transmisioarekin. Eta, zalantzarik gabe, belaunaldi gazteengan jarri behar dugu arreta handiena. Haiek dira eta izango dira sortzaile berriak eta kulturaren kontsumitzaile publikoa orainean eta etorkizunean. Prestakuntza eskaini nahi diegu, esperimentatzeko aukera eta proposamen kultural berrienez gozatzeko eta beren sorkuntzak eskaini ahal izateko gune bat”.

Bere aldetik, Morenok Sormen Ola proiektua gizartearekiko lankidetzaren adibide argia dela azpimarratu du, izan ere, “gure ikasleek modu aktiboan parte hartzen dute hainbat arlotako kultura-sorkuntzan”.

Telleriak adierazi duenez, “honelako ekimenak guztiz beharrezkoak dira. Sortzaile bilakatu nahi diren gazteek beharrezkoa dute trebatzea eta esperimentatzea. Aurreko udan izan genuen esperientzia oso aberasgarria izan zen eta etorkizunean modu profesionalean arituko direnak hemendik sortuko dira”.

Sormen Ola programa EHUkulturaren ekimenez, Bizkaiko campuseko ikasleentzat doakoa izango da. Beste parte hartzaileentzat 15 euroko prezioa izango du saio bakoitzak.

Zabaldu: