Leioa Kantika Korala da protagonista, Jon Ander Urresti aktorea eta Aitor Garitano tenorearekin batera. Juan Kruz Igerabidek idatzi du testua eta David Azurzak musika konposatu du. Kantata eszeniko hau martxoaren 19an taularatuko dute.
Loraldiaren azken ekoizpena da Galerna. Azken bidaia izeneko kantata eszenikoa. Martxoaren 19an estreinatuko dute Bilboko Arriaga Antzokian, urtarrilean Leioan aurre estreinaldi bat egin ondoren.
Loraldiak azaldu duenez, “itsasoari buruzko begirada emozional bat da: ezezagunari beldurra, sakontasunaren misterioa, naturako indarren aurre ezintasuna, senideak galtzeko arriskua, mundu berriak deskubritzeko ilusioa, itsas jendearen alaitasuna edota bertan bizi diren izakiak irudikatzeko gozamena. Beti ere euskal sustraietatik abiatuta (mitologia, doinuak, testuak, ohiturak, kondairak, dantzak) mundu osoari begirada zabal bat eskaintzeko asmoz.
Leioa Kantika Koralean ari diren haur eta gazteek interpretatutako obra da honakoa, baina publiko osoari zuzenduta. “Oinarrian Kantika Korala dago, eta beraz musika koralak izango du pisu handiena, baina koruari laguntzeko zuzenean talde instrumental batek, Jon Ander Urresti aktoreak eta Aitor Garitano tenoreak parte hartuko dute”.
Lan honetan Juan Kruz Igerabidek ondu du testua eta David Azurzak konposatu du musika. Agertokian talde instrumental batek hartuko du parte, pianoa, akordeoia, perkusioa, flauta, tronpa eta klarinetearekin. Guztira, 70 lagun inguru bilduko dira taula gainean.
Lucia Astigarraga izan da eszena zuzendaria eta Bermeon gertatutako galerna erraldoi hura interpretatzeko ikus-entzunezko irudiak ere tartekatzen dira agertokian.