(argazkia: Loraldia)

Loraldiak gazteei zuzendutako udako sormen egonaldia aurkeztu du

Gazteen sormena sustatzea da programaren helburu nagusia. Ekainaren 23tik 26ra egingo den egonaldian, parte-hartzaileek lanerako espazioak, profesionalen tutoretza, ostatua… izango dituzte. Martxoaren 1era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik.

Loraldiak gazteei zuzendutako kultur sormen-egonaldien deialdia aurkeztu du, 30 urtetik beherakoentzat. Egonaldia ekainaren 23tik 26ra egingo da Lekeition, eta euskarazko kultur-proiektuak sortzeko eta garatzeko espazio bat eskainiko zaie partehartzaileei, tutoretza profesionalarekin. Izan ere, antolatzaileen esanetan, “helburua da euskarazko sormen proiektuak garatzeko eta finkatzeko baldintza egokiak eskaintzea, ingurune zaindu, lagundu eta esanguratsu batean”.

Parte hartu nahi duenak, 30 urte baino gutxiago izan beharko duela azpimarratu du antolakuntzak. Banaka edo taldeka aurkeztu ahal izango da, betiere euskaraz garatzeko kultur-proiektu bat aurkezten bada. Eskaeren eta beharren arabera, egun bat eta lau egun arteko egonaldia izan daiteke eta proiektuaren tutorea izateko nahi den pertsona edo profesionala proposatu beharko dute interesa dutenek.

Martxoaren 1era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik eta martxoaren 31n hautatutako proiektua jakitera emango da.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “gazte sortzaileek aukera paregabea izango dute beren ideiak garatzeko eta euskarazko kultur sorkuntzan urrats garrantzitsu bat emateko”.
Informazio gehiago eta izen-emate orria, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna