Oskar Alegriaren 'Emak bakia' filma

Loraldiak Sormen Astea kultur ekintzen agenda antolatu du bigarren urtez Lekeition, Udako Olarekin bat eginez

Sormen Astean euskal kulturan erreferente diren hainbat sortzailek hartuko dute parte. Horien artean daude Kukai Dantza Taldea, Ruper Ordorika musikaria, Olatz Gorrotxategi eta Oskar Alegria zinemagilea, besteak beste. Sarrerak salgai daude jada

Loraldia Elkarteak, Gaztea ekimenaren baitan, Udako Olaren bigarrez edizioa antolatuko du uztailaren 10etik eta 15era bitartean Lekeition. “Udako Ola gazte-sormena pizteko egonaldia da. Honetan parte hartuko duten gazteek erreferente diren sortzaileak ezagutzeko aukera izango dute”, azaldu dute antolatzaileek.

Honekin batera, egonaldiak irauten duen bitartean Loraldiak publiko orokorrari zabalduko dion kultur ekintzen programazioa antolatu du: Sormen astea. Programazio honen baitan sei jarduera ezberdin jasoko dira, diziplina anitzekoak.

Hala, “Egunero-egunero kultur ekintza ezberdinak izango dira Lekeition: musika, dantza eta zinema proposamen ezberdinak. Lehen mailako sortzaileek euren proposamenak eskainiko dituzte. Horien artean daude Kukai Dantza Taldea, Ruper Ordorika musikaria, Olatz Gorrotxategi aktorea edota Oskar Alegria zinemagilea, besteak beste”, zehaztu dute antolatzaileek.

Sarrerak salgai

Sarrerak dagoeneko salgai daude. Sei jardueretatik hiru doakoak izango dira eta beste hiruretarako Lekeitioko Zinemazaleen elkartearen webgunean eskuratu beharko dira sarrerak edota Loraldiaren webgunean, Lorazain diren lagunentzat.

Zabaldu: