Urriaren 19ra arte jasoko dira proposamenak eta 10.000 euroko ordainsaria izango du.
Loraldia, euskarazko kultura dinamizatzen eta ikusarazten duen kultur proiektu garaikideak, Sormen Digitala Bekaren laugarren edizioa abiatu du. Ekimenak euskarazko eduki original eta natibo digitalen ekoizpena sustatzea du helburu, euskal kulturaren panoraman sormenerako eta berrikuntzarako bide berriak irekiz.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, “proiektu irabazlea sorkuntza-lan originala eta erabat digitala izango da, eta horrek esan nahi du ez direla obra analogikoen digitalizazio hutsak onartuko. Lehentasuna emango zaio ingurune digitalaren aukerak ahalik eta gehien aprobetxatuko dituzten ideiak sortzeari, dela aplikazio interaktiboen formatuan, podcastetan, websailetan, errealitate areagotuko esperientzietan, bideo-jokoetan, edo euskal kulturaren eta teknologiaren arteko fusioaren beste edozein adierazpenetan”.
Beka publiko guztiarentzat zabalik dago eta banaka edo taldeka aurkez daiteke. Proiektuak aurkezteko epea urriaren 19an amaituko da, eta proiektu irabazlea azaroaren 5ean jakinaraziko da. Obra 12 hilabetez garatuko da (2025eko abendutik 2026ko abendura), eta 2027ko Loraldia Jaialdian bakarrik estreinatuko da.
Ekimen honekin Loraldiaren espiritu ekintzaile eta sortzailea azpimarratu nahi dute, kultur edukiontzi soila izatetik haratago doana. “Helburua kultura berria bultzatu, dinamizatu eta ekoiztea da, euskarazko kultura oraindik erabat finkatu ez den arloak aztertuz eta ezarriz, eta proposamen berritzaileenak sustatuz”. Beka honekin, Loraldiak talentu sortzailea bultzatzeaz gain, euskarazko industria kultural bizi eta modernoa ikusarazten eta garatzen ere lagundu nahi du.