Heguyk Anton Abbadiaren azalean sartuko da azken aldiz urtarrilaren 22 eta 23an Donostiako Antzoki Zaharrean, eta Loraldia Kultur Elkarteak omenaldi sentitua egin nahi dio.
Loraldia Kultur Elkarteak Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara ikuskizuna taularatuko du datorren urtarrilaren 22 eta 23an Donostiako Antzoki Zaharrean. Loraldiaren produkzioa da eta Chimères eta Metrokoadroka Sormen Lantegiarekin elkarlanean egindako lana da, Oier Guillanen zuzendaritzapean.
Txomin Heguy aktorea Anton Abbadia esploratzailea, geografoa, astronomoa eta XIX. mendean euskal kultura bultzatu zuen kultura gizonaren azalean sartuko da. “Abbadia izan zen Loraldia Kultur Elkarteak 2015etik Bilbon ospatzen den Loraldia Jaialdiaren inspirazio-iturria”, diote antolatzaileek.
Orduko hartan, Aitor Mazo aktoreak Abbadiaren nortasuna eta izena hartu zituen, eta Patxo Telleriak idatzitako gidoian oinarrituta, zientzia eta kultura gizona bihurtu zen, bakarrizketa bat eskainiz. Handik gutxira zendu zen Mazo.
2018an, berriz, Patxo Telleriaren testua berreskuratu zuen Loraldiak eta Anton Abbadia oholtzara igo zen berriro, kasu honetan, Txomin Heguy aktore lapurtarraren eskutik.
Loraldia Kultur Elkarteak omenaldia egin nahi dio orain Heguy aktoreari eta “bihotz-bihotzez eskertu egin duen lana Anton Abbadia ezagutzera emanez”.
Anton Abbadia: Dublinetik Hendaiara
Antzerkia eta musika uztartzen dituen formatu txikiko ikuskizuna da. Heguyk hiru musikari izango ditu alboan: Xabi Zeberio (nyckelharpa, biolina eta kalimba); Mixel Ducau (gitarra eta klarinetea); eta Alaia Phillips Ducau, boza.
Hala, musika antzezpenaren soinu-banda bihurtuko da agertokian, eta historian gogoratuko diren lekuetako batzuk ekarriko ditu gogora, hala nola, Irlanda, Brasil, Etiopia, Paris eta Zuberoa.