(argazkia: Loraldia)

Loraldiak ‘Xiberua kantu loraturik’ ikuskizuna estreinatuko du hilaren 22an, Iruñean

Emanaldi hau izango da, hain zuzen, Nafarroako Korrika kulturalaren egitarauaren ardatz nagusia. Loraldiaren zortzigarren ekoizpen propioa da, eta Iruñean estreinatu ondoren, Euskal Herriko hainbat lekutan ikusi ahal izango da.

Loraldiak Xiberua kantu loraturik izeneko ikuskizuna estreinatuko du otsailaren 22an, Iruñeko Gaiarre Antzokian. Emanaldi hau izango da, hain zuzen, Nafarroako Korrika kulturalaren egitarauaren ardatz nagusia eta basa-aireak, kantuak eta irudiak uztartuko ditu.

Zuberoak kantu-memoria luzea du. Denboran ibilitako memoria hori sorkuntza anitzez elikatu da. Tradiziotik abiatuta, gaur egungo kultura garaikide aberatsa loratu dute Pirinioetako ipar magalean bizi diren sortzaileek. Horren adibide dira Pastoralak eta Maskaradak. Zuberoan bizi izan ziren Etxahun-Iruri eta Pierre Topet Etxahun. “Kantua arte eder bihurtu den lurraldea dugu Zuberoa”, iritzi dute Loraldia Elkarteko kideek.

Orain, kantu herrikoi hauen ezinbesteko aberastasunarekin esperimentatzera gonbita luzatu nahi diote publikoari. Loraldiak produkzio propioak sortzen ditu eta hau aurtengo handiena izango dela nabarmendu dute elkarteko kideek. Iruñeko estreinaldiaren ondoren, Ikuskizun berriak Euskal Herri osoa zeharkatuko du datozen hilabeteetan.

Lantaldea

Loraldiak artista talde handi batekin osatu du ikuskizun berri hau. “Gaur egun Ipar Euskal Herrian aurki daitezkeen musikaririk eta ahotsik ederrenak eta berritzaileenak dira”, nabarmendu dute.

Maddi Oihenart eta Ihitz Iriart abeslariak dira horietako bi. Eskarmentu handia dute kantagintzan eta bidegileak izan dira. Tradizioa sakon ezagutzen dute eta gaurko garaietara ekarri ere. Beñat Achiary ere ikusiko dugu taula gainean, “euskal kulturan aurki daitekeen berritzailerik handienetako bat da Achiary: kantari, musikari eta inprobisatzailea da. Oso estimatua gure mugetatik at. Tradizioa berritzen egin duen lana izugarria izan da eta gai da gure bihotzak zeharo astintzeko”. Julen Achiary, berriz, Beñaten semea da eta aitaren ezpalari jarraituz bide berritzaileetatik abiatzen da Haratago taldearekin (talde honetako bi musikarik ere ikuskizunean parte hartuko dute). Aita eta semea izango dira gidari artistikoak.

Mixel Etxekoparrek, bere aldetik, bizitza oso bat eman dio Zuberoako tradizioari. “Umorez blaitu eta esentzia bilatu du etengabe. Gaurko kultura zuberotarraren zutabe bat da. Aipagarria da Isturitzeko hiru zuloko flauta (Europako aztarna arkeologikorik zaharrenetako bat) berreskuratu zuela eta doinua atera diola”.

Emanaldian ikusi ahal izango diren argazkiak, berriz, Eliane Heguiaphalenak izango dira. “Zuberoan bizi den argazkilari bikain honen irudiak kantaldiaren parte izango dira. Emakume argazkilari honek euskal kultura zainetan darama eta gustuko dituen gaiak artzainak eta mendiko unibertsoa dira, batik bat. Goresten ditu zuri-beltzeko argazkiak eta Pirinioetako inauteriak, maskaradak eta baita pastoralak ere izango dira irudien protagonistak”.

Amaitzeko, “Pierre Vissler Estatu frantsesetik etorri zitzaigun Zuberoara eta gaur egun euskal kulturaren erreferente bihurtu da. Musikan nahiz antzerkian murgilduta egon da azken aldian. Clown munduan ibilitakoa da eta Mixel Etxekoparrekin batera Züek heben, Euskal Herriko atlas geopoetikoa lanaren sortzailea da. Bertan Euskal Herriko hainbat bazterretako soinuak grabatu eta sailkatu ditu. Ikuskizun honetan ‘elektroakustikalaria’ izango dela dio. Gutxitan ikus daitekeen funtzio berritzailea. Edozein bazterretan edo sasoitan hartutako Zuberoako doinuak ekitaldi hipnotiko bihurtzen dituen abangoardista”.

Iruditeria berriaren alde

Antolatzaileek azaldu dutenez, “iraganari so egingo diogu geroa marrazteko. Antzineko kantuak izango dira, baina garaikide eremuan kokatuko ditugu. Belatza, hegazti baten hegaldia kantatzen duen sormen zirraragarria ere ez da faltako. Gaur egun, orain dela milaka urte bezala, naturak eskaintzen digun nortasunaz baliatzen gara. Etorkizuneko hodeiertza dugu ikusmiran”.

Zabaldu: