Louis Aragon eta John Berger poeten antologia berriak dakartza ‘Munduko Poesia Kaierak’ bildumak

Kaier berri hauekin 32. zenbakira iritsi da bilduma.

Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan, Susa argitaletxeak editatzen dituen azken bi aleak aurkeztu ditu: Louis Aragon frantsesaren gainekoa eta John Berger ingelesarena. Autore bi hauekin 32. zenbakira iritsi da 2014ko martxoan abiatu zen bilduma. Beñat Sarasolak zuzentzen du proiektua eta urtero lau antologia argitaratzen dira: Bi udaberrian eta beste bi udazkenean.

Iñigo Roquek (Portugalete,1976) ekarri ditu euskarara Louis Aragonen (Paris, 1897) olerkiak. XX. mendeko poesiaren testigu eta partaide behinenetakoa izan zen. Mendebaldeko tradizio poetiko indartsuenetako batean –frantsesean– kokaturik, ia mende guztia hartu zion bere bizitza eta poesiak. Dadaismoko eta surrealismoko poeta handienetako bat izanagatik, ez zen horretan geratu Aragonen ekarpen poetikoa. Susaren ustez, “askorentzat, ondorengo bere poesia lanak dira bikainenak, non sakonean oihartzun egiten duten Elsa Troilet-ekin izan zuen harremanak eta II. Mundu Gerrako erresistentziako esperientziak. Poeta petoa izan zen, eta inork ez bezala menderatzen zuen lengoaia poetikoa. Poemen barneko erritmo, hoskidetasun eta errimek garrantzia handia dute bere poesiagintzan”.

Itziar Diez de Ultzurrun (Iruñea, 1967) arduratu du John Berger autorearen (London, 1926) poemak euskaratzeaz. Susaren arabera, “motz geratzen zitzaizkion Bergerri diziplina artistikoen arteko bereizketak ez ezik literatur generoen arteko mugak, eta hala, bere lan guztiek zuten arte plastikoetatik, poesiatik, saiakeratik, narraziotik, eta abar. Horregatik, ia poema libururik atera ez zuen poeta izan zela esan dezakegu”. 70 urte bete zituenean, Pages of the Wound (Zauriaren orriak) liburua argitaratu zuen 1956tik 1994ra idatzitako poemekin, zenbait marrazki eta argazkiez horniturik. 2012an, haren seme Yves-en marrazkiek lagundutako poemategi bat eman zuen argitara, frantsesera itzulita: La louche et autres poèmes (Burruntzalia eta beste zenbait poema). Bi erreferentzia horiek besterik ez, hortaz, baina aldi berean, munduari begiratzeko eduki zuen modu berezi hori izan zen bere poesia lanik emankorrena.

Aurreko kaierak hemen.

 

Zabaldu: