(argazkia: Tabakalera)

Luis Buñueli eskainitako atzera begirakoarekin abiatuko da Tabakalerako 2021eko zinema programazioa

Donostiako Zinemaldiak modu egonkorrean sartuko da pantaila partekatuaren programazioan, Zinemaldia + PLUS programarekin.

Urtarrilaren 6an abiatuko da Nosferatu zikloa Luis Buñueli eskainitako atzera begirakoarekin. Hala, zinemagilearen lehen bi filmak proiektatuko dira Donostiako Tabakalera : Un perro andaluz (1929) eta La edad de oro (1930). Film horietaz gain, Buñuelen beste 32 lan ere eskainiko dira. Programazio hori osatzeko, Buñuel + Plus izeneko beste 13 saio egingo dira. Saio horietan Buñuelen bizitzarekin eta lanarekin lotura duten filmak ikusi ahal izango dira.

Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bat gaztelaniaz eta bestea euskaraz, Calandrako zuzendariaren lanari eskainiak. Lehena, Buñuel, Nosferatu bildumako 17. zenbakia, Jesus Angulok eta Joxean Fernandezek koordinatu dute, eta urtarrilean argitaratuko da. Bigarrena, Norferatu bildumako 9. zenbakia, Harkaitz Canok idatzi du, eta udaberrian argitaratuko da.

Horretaz gain, jaialdiak, aurretik, noizean behingo esku-hartzeak egin ditu Tabakalerako pantaila partekatuan, baina hemendik aurrera, hilero egingo du ekarpenen bat Zinemaldia + Plus izeneko berariazko foku batean.

Donostiako Zinemaldiak urte osoko jaialdiaren aldeko apustu estrategikoa egin du: lehiaketaren bederatzi egunetatik haratago joatea eta egutegi osoan garatzea. Hamabi hilabeteko jaialdi izatera pasatzea. Proiektu horretan, Euskadiko Filmategiak, Elias Querejeta Zine Eskolak, Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak elkarrekin lan egiten dute; etorkizuneko jaialdirako gako eta nortasun-ikur bihurtzen da.

Lehiaketari lotutako zinemagileen lanak eta pentsamendu- eta gogoeta-programak jasoko ditu pantailan hilero, sorkuntzari laguntzeko eta talentu berriak prestatzeko.

Zinema eta Zientzia itzuli dira

2021eko urtarrilean Euskadiko Filmategiak Zinema eta Zientzia zikloari ekingo dio berriro, laugarren urtez jarraian, kultura zinematografikoa eta kultura zientifikoa helarazteko helburuarekin. Donostia International Physics Center (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiarekin batera antolatu dute programa, eta film klasikoak eta film berriagoak uztartuko ditu; azken horien proiekzioak egokiagoa dirudi egungo testuinguruan.

Ohi denez, emanaldi bakoitzarekin batera, prestigiozko nazioarteko zientzialariek aurkezpenak eta solasaldiak egingo dituzte. Laster iragarriko diren zikloko hamar filmei bi saio berezi gehituko zaizkie urteko lehen hiruhilekoan. Horietako batean, Filmategiak Kimuak 2020 programako film laburrak programatuko ditu, publiko orokorrarentzat lehen aldiz.

Etxepare Euskal Institutuak EAE eta Quebecen artean egiten duen kultur trukea dela eta, 2021eko bigarren hiruhilekoan Euskadiko Filmategiak Quebeceko zinema berrian jarriko du arreta, hango Zinematekarekin elkarlanean sortutako programa baten bidez. Ondoren, Jazzinemaren bosgarren edizioko filmak ikusi ahal izango dira. Urteko azken hiruhilekoan, berriz, euskal zinemagileei eskainitako urte anitzeko ziklo baten lehen zatia programatuko da, eta berariazko argitalpen bat ere egingo da.

Tabakalerako zinema-programazioak zinema garaikideko lau izen handitan jarriko ditu urteroko fokuak. Patric Chiha zuzendari austriarra, Pietro Marcello eta Alice Rohrwacher italiarrak eta Kelly Reichardt iparramerikarra urtea ixteko.

Zabaldu: