Proiektuaren audio serie osoa entzungai dago euskaraz eta liburu-bildumaren lehengo bi zenbakiak ere argitaratu dira.
Euskal Herriko eta Euroeskualdeko eragileen arteko elkarlanari esker garatzen ari da Lula Otsoa egitasmoa. Ulu media, Sudurgorri Studio eta Gure Irratiaren arteko lankidetzatik sortutako audioak ditu abiapuntu: ahotsen, soinu giroen eta erritmo narratiboaren bidez haurren entzumena eta irudimena pizten dituen unibertso propioa.
Lula otso txiki bat da, mendietan galdu dena, bere taldetik eta familiarengandik bereizita. Ezin du mendiko portuen beste aldean dagoen familiarekin bildu, eta udaberrira arte bizitoki berri bat topatu behar du. Jakintsu Zaharra izeneko haritzak eskaintzen dio babesa. Bertan lagun berriak egingo ditu: Ahuntza, Lepahoria eta Perruketa. Elkarri ipuinak kontatuz pasako dute negua.
Audioseriei dagokienez, lau hizkuntzatan egin dira (euskara, gaztelania, frantsesa eta okzitaniera), eta 50 ahots inguruk hartu dute parte. Ikastolen Elkarteak ekoitzitako liburu bildumak, berriz, esperientzia hori osatu eta aberasten du: entzundakoa irakurketarekin uztartzeko aukera emanez, haurrek istorioak berrinterpretatu eta sormenetik berreraiki ditzaten.
Ulu Media, Sudurgorri Studio, Gure Irratia, Euroeskualdea, Ikastolak, sortzaile eta aktoreak, ilustratzaileak eta hezkuntza komunitatea norabide berean lanean ari dira, haurrek euskaraz entzun, irakurri eta sortu dezaten eta euskal kulturak eta euskalkien aniztasunak eskaintzen dituzten istorioek haien egunerokotasuna aberastu dezaten. Beraz, “Lula Otsoa ez da proiektu isolatu bat, baizik eta hezkuntza, kultura eta lurralde garapena uztartzen dituen sare baten emaitza”.
Lantaldea
Pertsonaia nagusien ahotsei dagokienez, Maryse Urruty (Lula), Eva Azpilikueta (Bizar), Kepa Errasti (Marta), Maika Etxekopar (Perru) eta Amaia Hennebutte (Jakintsu Zaharra) aktoreek hartu dute parte.
Maite Larburu musikariak, bere aldetik, soinu banda originala sortu du, Iker Bengoetxea aktore zuzendaria izan da, Aritz Trueba ilustratzailea arteaz arduratu da, Vanesa Rodriguezek, Oier Aranzabalek eta Martin eta Xabier Etxeberria anaiek gidoia idatzi dute. Azkenik, Marina Perez eta Oier Aranzabal soinu-diseinuaz arduratu dira.