LUMAfest! jaialdiaren barruan, gazteentzako mikrokontakizunen lehiaketa abian da

Lanak aurkezteko epea irailaren 3ra arte egongo da zabalik. Jaialdia irailaren 12tik 14ra izango da.

LUMAfest! Gipuzkoako gazte literaturaren eta gazte sorkuntzaren jaialdia antolatu dute irailaren 12tik 14ra bitartean, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan (Koldo Mitxelena Kulturunea). Hirugarren edizio honetan ere mikrokontakizunen lehiaketa bat hartuko du jaialdiak. Honetan parte hartzeko epea irailaren 3ra arte egongo da zabalik.

Goizane Alvarez diputatuak adierazi duenez, “lehiaketaren helburua da gazteek literatura jardueretan parte hartzea, literaturarekiko eta idazketa sortzailearekiko interesa piztuz”. Bertan parte hartu ahal izango du 14 eta 21 urte bitartean duen edozein pertsonak.

Lehiaketara aurkezten diren mikrokontakizunek argitaragabeak izan beharko dute, «ahotsa entzun» esamoldea izan beharko dute eta gehienez 240 karaktere, zuriuneak barne. Lanak euskaraz zein gaztelaniaz idatzi ahal izango dira, lehiaketak kategoria bat izango baitu hizkuntza bakoitzeko, eta lanak bi bidetatik aurkeztu ahal izango dira: alde batetik, Instagrameko argitalpen baten bidez, #lumafestibalamikros traola erabiliz eta @lumafestibala aipatuz; eta bestetik, X sare sozialeko argitalpen baten bidez, traola bera erabiliz eta jaialdiaren kontua, @lumafestibala, aipatuz. Traola eta aipamena 240 karaktere baino gehiagokoa bada, txioari zuzenean erantzun ahal izango zaio testuaren jarraipen gisa.

Parte hartzaileek nahi adina kontakizun aurkeztu ahal izango dituzte, baina sari bakarra jaso ahal izango dute. Antolakuntzak azpimarratu du ez de eduki iraingarriak edota laidogarriak dituen testurik onartuko.

Lanak aurkezteko epea amaitu ondoren, irailaren 3an, antolatzaileek testu finalistak aukeratuko dituzte bi kategorietan aurkeztutakoen artean. Ondoren, Jaialdira gonbidatutako egileekin lankidetzan, testu irabazleak aukeratuko dira. Irabazle horien izenak LUMAfest! ospakizunean iragarriko dira, irailaren 12an gaztelaniazko kategoriakoak, eta irailaren 13an euskarazkoak. Gainera, irabazleek mezu pribatu bat jasoko dute parte hartu duten sare sozialaren bidez. Sariei dagokienez, kategoria bakoitzeko bi banatuko dira: 180 euroko liburu sorta bana.

Hautatutako testuak, finalistak eta irabazleak, jaialdiko sare sozialetan zabalduko dira, eta jaialdia sustatzeko ere erabili ahal izango dira. Lehiaketaren oinarriak jaialdiaren webgunean kontsulta daitezke (www.lumafestibala.com), eta Koldo Mitxelena Kulturunea (@kmkulturunea) eta jaialdiaren sare sozialen bidez ere zabalduko dira (@LUMAfestibala).

Zabaldu: