Lur Barnea taldeak ‘Amaiur. Gure epika, defentsa eta memoria’ dokumentala estreinatuko du gaur

Dokumentalean trilogiako abestien bideoez gain, Asisko Urmeneta irudigilea, Nabarraldeko Iñaki Idigoras, Aranzadi elkarteko Mikel Legorburu historialaria, Amaiurko Gaztelu Elkarteko Mikel Mujika eta Lur Barneako Aingeru Gorrotxategi konpositorea agertuko dira.

Lur Barnea taldeak 1522an Amaiurren jazotako gazteluaren defentsa epikoa gogora ekarri nahi duen musika trilogia aurkeztu zuen duela aste batzuk. Gaur berriz, dokumentala estreinatuko du arratsaldeko 18:00etan, bere Youtube kanalean. Taldeak aurreratu duenez, ordu horretan bertan, zuzenean egongo dira kanalean, bertan abiatuko duten txatean jendearen iruzkin eta galderak erantzuteko.

Dokumentalean trilogiako abestien bideoez gain, Asisko Urmeneta irudigilea, Nabarraldeko Iñaki Idigoras, Aranzadi elkarteko Mikel Legorburu historialaria, Amaiurko Gaztelu Elkarteko Mikel Mujika eta Lur Barneako Aingeru Gorrotxategi konpositorea agertuko dira, guztien artean musika trilogian agertzen diren hiru ildo nagusiak ikuspuntu ezberdinetatik landuko dituztelarik. Dokumentala euskara hutsean dago eta gaztelerazko azpitiluluak aktibatu ahal izango dira.

Gorrotxategiren esanetan “hiru abesti argitaratzeko erabakia ez da arinkeriaz hartu eta badira hainbat arrazoi horretarako. Alde batetik, gure historiaren ezinbesteko gertakaria da, erresistentziaren ikono bihurtu delarik eta horren garrantzia azpimarratzeko hiru abesti egitea deigarria izango zela iruditu zitzaigun. Beste alde batetik, gauza gehiegi kontatu nahi genituen abesti bakarrean islatzeko eta hiru kontzeptu nabarmendu nahi genituenez, ideia bakoitza abesti propio batean garatu dugu”.

Hala, Gure epika izeneko lehen kantuan, Amaiurko gazteluaren defentsaren arlo epikoa goraipatzen dela azaldu du Gorrotxategik. “Denok ezagutzen ditugu historian zehar egon diren hainbat gertakari heroiko; hala nola, grekoen Termopiletako defentsa edo eskoziarren Stirling zubiko bataila. Amaiurko gazteluaren defentsa ere izugarria izan zen, bi indarren desproportzioa kontuan izanda.

Defentsa abestiak bataila bera deskribatzen du. Etsai armadak gaztelua inguratzen duenetik gazteluaren kubo nagusia lehertu arteko zazpi egunetako defentsa sutsua kontatzen da honetan.

Azkenik, Memoria izeneko kantan, gertakariaren memoriak duen garrantziaz hausnartzen da. Bataila bera baino, egindako erresistentzian jartzen da fokua eta gaur egun egin dezakegun irakurketa da gakoa, batez ere etorkizuna eraikitzeko baliagarria den tresna bezala ikusita.

Zabaldu: