Trilogia osatzen duten kantek Amaiurko gazteluaren defentsaren V. mendeurrena gogorarazi nahi dute.
Euskal Herriko historia eta mitologian oinarritzen den Lur Barnea musika taldeak lan berria aurkeztu du, Amaiur. Gaztelu baltza komikiaren irudiz lagunduta.
Oraingoz Amaiurko gazteluaren defentsaren lehen abestia eta bideoa argitaratu dituzte, beste bi abestiak urriaren 20an eta 27an kaleratuko dituztela iragarri du taldeak. Lan berri honekin Lur Barneak 1522an Amaiurren jazotako gazteluaren defentsa epikoa gogora ekarri nahi du. “Musika munduan ez da batere ohikoa trilogia bat egitea, baina gauza asko kontatu nahi genituen, baita arloak ondo bereizi ere. Gainera, trilogiak zineman oso modan daude eta musikan ere funtziona dezakeela uste dut”, azaldu du Aingeru Gorrotxategi taldeko konpositoreak.
Egilearen esanetan “hiru abesti argitaratzeko erabakia ez da arinkeriaz hartu eta badira hainbat arrazoi horretarako. Alde batetik, gure historiaren ezinbesteko gertakaria da, erresistentziaren ikono bihurtu delarik eta horren garrantzia azpimarratzeko hiru abesti egitea deigarria izango zela iruditu zitzaigun. Beste alde batetik, gauza gehiegi kontatu nahi genituen abesti bakarrean islatzeko eta hiru kontzeptu nabarmendu nahi genituenez, ideia bakoitza abesti propio batean garatu dugu”.
Hala, Gure epika izeneko lehen kantuan, Amaiurko gazteluaren defentsaren arlo epikoa goraipatzen dela azaldu du Gorrotxategik. “Denok ezagutzen ditugu historian zehar egon diren hainbat gertakari heroiko; hala nola, grekoen Termopiletako defentsa edo eskoziarren Stirling zubiko bataila. Amaiurko gazteluaren defentsa ere izugarria izan zen, bi indarren desproportzioa kontuan izanda.
Defentsa du izena bigarren abestiak eta bataila bera deskribatzen du. Etsai armadak gaztelua inguratzen duenetik gazteluaren kubo nagusia lehertu arteko zazpi egunetako defentsa sutsua kontatzen da honetan.
Azkenik, Memoria izeneko kantan, gertakariaren memoriak duen garrantziaz hausnartzen da. Bataila bera baino, egindako erresistentzian jartzen da fokua eta gaur egun egin dezakegun irakurketa da gakoa, batez ere etorkizuna eraikitzeko baliagarria den tresna bezala ikusita.
Iaz argitaratutako Noaingo batailan girotutako Azken esperantzaren guda abestian bezala, trilogia honetan abestiak irudiz lagundutako bideoekin argitaratuko dira. Orduan Martintxo Altzuetaren marrazkiak erabili ziren eta oraingoan Angel Rekalde eta Amaia Ballesterosek egindako eta Nabarraldek argitaratutako Amaiur. Gaztelu baltza komikiko irudiak erabili dira.
Amaitzeko, azaroan dokumental bat argitaratuko da. Honetan, trilogiako abestiez gain, Asisko Urmeneta marrazkilaria, Aranzadi elkarteko Mikel Legorburu historialaria eta Amaiurko Gaztelu Elkarteko jendea ageri da.