Izen ematea irekita dago jada ueu.eus webgunean. Era berean, topaketa zuzenean jarraitzeko aukera izango da UEUren YouTubeko kanalean.
Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz V. jardunaldia antolatu dute UEMAk, Gipuzkoako Aldundiak, UEUk eta Kontseiluak, eta gaur aurkeztu dituzte jardunaldien nondik norakoak hedabideen aurrean, Donostian egin duten agerraldian. Topaketa urtarrilaren 23an izango da, Donostiako San Telmo Museoan, eta zuzenean ere jarraitu ahal izango da, online. Matrikula egiteko epea zabalik dago. ueu.eus webgunean egin beharko da matrikula.
Lurraldea eta hizkuntza binomioa jardunaldi gisa lantzen den bosgarren edizioa izango da aurtengoa. Kontseiluko Paul Bilbaok idazkari nagusiak oroitarazi du 2014an ekin ziotela lau erakundeek elkarlanari, oinarri eta hipotesi bana gomutan, “gure oinarria zen arnasguneek garrantzia berezia dutela hizkuntza normalizazio prozesuan, eta ez zitzaiela merezi zuten zentralitatea eskaintzen. Hipotesia, berriz, hizkuntza normalizazio prozesuan hizkuntza-politika sailetatik aparte egiten diren politikek, eta zehazki lurralde antolaketatik egiten direnek, berebiziko eragina dutela”. Zazpi urteko bidean “hizkuntza-politiken zeharkakotasuna azaleratu da”, Bilbaoren hitzetan, eta horren adierazle da Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko betebeharra EAEko udal legean jaso izana.
Ibilbide oparo hori eta elkarlana goraipatu ditu, halaber, Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak, “kezka batetik abiatuta erantzunak emateko gai izaten ari garelako”. Eta Garbiñe Mendizabal Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak helburuetan iltzatu du gogoeta. “Arnasguneen garapena jasangarria izan dadin nahitaezkoa da gune horietan euskararen erabilera sendotzea eta arnasgune funtzional berriak sortzen ahalegintzea”.
LUHI V. jardunaldian bilakaera horretan teoriatik praktikara nola jauzi egin landuko dela azaldu du UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok: “Aurreko urteotako jardunaldietan arnasguneen garapen iraunkorrerako oinarriak mahai gainean jarri genituen, baina horiek nola abiarazi zehaztea ere garrantzitsua da, egin beharrekoen bidea ere zabaltzen hasteko, hitz hutsetan gera ez gaitezen”.
Lau izango dira topaketaren bide orri nagusiak: nazioarteko esperientziaren berri izatea Gaeltacht-eko garapen politika hizpide hartuta, garapen sozioekonomiko endogenorako ereduak ezagutzea, arnasguneen garapen jasangarria arkitekturaren ikuspegitik aztertzea eta arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politiken ereduan sakontzea, hain zuzen.
Egitaraua ikusteko, hemen.