Abestiak etorkizun itxaropentsuagorako garai berriei buruz hitz egiten du. Musikari donostiarrak Ane Irisarri abeslaria izan du lagun kanta ontzeko.
Oliver Losada musikari donostiarrak Lurrin izeneko proiektua jarri zuen martxan 2020ko itxialdian, eta urte horretan bertan bere lehen EPa argitaratu zuen Kandela baten argitan izenpean. Orain aurrerapauso bat eman eta bere disko berria izango denaren aurrerapen kanta kaleratu du: Non zeuden gure ametsak.
Abestiak etorkizun itxaropentsuagorako garai berriei buruz hitz egiten du. Musikari donostiarrak Ane Irisarri izan du lagun kanta ontzeko. Losada eta Irisarri aspaldiko ezagunak dira, bere garaian rock-metal estiloko Luther proiektuan ere aritu ziren elkarrekin eta bien ahotsak gitarra melodikoekin lagundu dituzte estrofetan, bai eta gitarra-riff zorrotzagoekin ere errepiketan, abestiari indar handia emateko.
Losadak azaldu duenez, “abestiak egungo gizartea bizi izaten ari den aldaketa-garaia sinbolizatzen du, neurri handi batean”.
Lurrin egitasmoaren ibilbidea
Hiru urte hauetan, jende askorengana iristea lortu du Lurrinek, bere sare sozialen eta Spotify nahiz Youtube kanalen bitartez. “Ustekabe atsegina izan da publikoak musika-proposamen hau sare sozialetan, formatu digitalagoan, hain ondo hartu izana”, aitortu du Losadak.
Abestiak ontzerako orduan, Toni Mateos, Jose Niño Bruno, Oriol Flores eta Charlie Moreno musikariek hartu dute parte, besteak beste. Sandra Manjarres arduratu da kantak grabatzeaz eta nahasketak eta masterizazioa Eñaut Gaztañagak egin ditu Gaztain Estudioan.
Zuzeneko emanaldietarako Mikel Indo (bateria), Iurgi Andonegi (baxua) eta Oliver Losada bera (gitarrak eta ahots nagusia) ariko dira oholtza gainean.