Maddi Soroaren Bertsolariaren formazioan bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia arloak gradu amaierako lanak eta Iñaki Viñasprek, Izar Mendigurenek, Oihane Pereak eta Ruben Sanchezek taldean aurkeztutako Bertso-eskola Zaballako espetxean: presoen, espetxearen eta bertso mugimenduaren arteko elkarreragina proiektuak eskuratu dute saria. Irabazleek urtebeteko epean egin beharko dute ikerlana.
UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak uztailean aurkeztu zituzten GRAL Saria eta Ikerketa Proiektu Saria lortzeko deialdiak; ikerlanak eta proiektuak jasota eta epaimahaiak horiek aztertuta, iritsi berri da ebazpena.
Maddi Soroa Navarroren Bertsolariaren formazioan bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia arloak ikerlanak irabazi du GRAL Saria. Bertsolaritzari buruzko GRAL Sariaren deialdirako lan gehiago ere aurkeztu dira, eta egileen baimenarekin kontsultatzeko moduan daude Xenpelar Dokumentazio Zentroan.
Bertso-eskola Zaballako espetxean: presoen, espetxearen eta bertso mugimenduaren arteko elkarreragina izeneko proiektuak, berriz, Ikerketa Proiektu Saria irabazi du. Taldean aurkeztutako proiektua da honakoa, eta Iñaki Viñaspre Simon, Izar Mendiguren Cosgaya, Oihane Perea Perez de Mendiola eta Ruben Sanchez Bakaikoa dira taldeko kideak. Behin ebazpena ezagutzera emanda, urtebeteko epean egin beharko dute ikerlana irabazleek.