Proiekzioak, ikus-entzunezko instalazioak, zinema emanaldiak, kontzertuak, tailerrak eta hitzaldiak eskainiko dira Donostiako zentroaren erakusketa-aretoan.
Magrebeko eta Ipar Afrikako sorkuntza garaikidera hurbiltzeko aukera egongo da ekainaren 14ra arte Donostiako Tabakalera zentroan, Nāfidha. Magreb irudikatua izeneko programaren bidez. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “izenburuak ‘leihoa’ esan nahi du arabieraz, eta metafora bat da hemen partekatzen ditugun harreman historiko eta kulturalei buruzko ikuspegi berriak irekitzeko”.
Hala, proiekzioak, ikus-entzunezko instalazioak, zinema emanaldiak, kontzertuak, tailerrak eta hitzaldiak eskainiko dira Tabakalerako erakusketa-aretoan. Bertan migrazio-prozesuen ondoriozko identitatearen konplexutasuna eta pertenentzia-sentimendua aztertzeko.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “ardatz tematikoaren muina kontrastea da, Estatuen memoria ofizialaren eta diskurtso historiografiko nagusietatik kanpo geratu diren kontakizunak berreskuratzen dituzten ahozko edo norbanako memorien artekoa”.
Ikuspegi kulturaletik, “Nāfidha programak erresistentzia sortzailea aldarrikatzen du, tresna gisa baliagarria baita prozesu horien historia eta errealitatea nola kontatzen diren zehazten duten iruditeriak birdefinitzeko”.
Programazioa, beraz, topagune, ikustaldi- eta eztabaida-gunea izango da. Kultura-eragileek, kolektiboek eta artista gonbidatuek ikus-entzunezko lanak erakutsiko dituzte. Honako hauek parte hartuko dute, besteak beste: Fermin Muguruza musikari eta zinemagilea, Tabakalerako Harrotu Ileak kolektiboa, Sarah Mounia Kachiri eta Rim Mejdi (Maroko) komisario eta zinemagileak, eta Elias Querejeta Zine Eskolako Lerrokatu gabeko zinema-artxiboak ikerketa-taldeko kideek.