Maiatzaren 10ean abiatuko da Señora Sariketaren bosgarren edizio berezia, Eskoriatzan

Bosgarren urteurrena edizio berezia egiteko baliatu du antolakuntza lan-taldeak eta plazan ez dabiltzan bertsolariak izango dira sariketan parte hartuko dutenak, bertso plazara salto egiteko bide “hertsia” arrakalatu nahi dute horrela.

Bost urte igaro dira hainbat bertsolarik eta bertsozale feministek Señora Sariketa martxan jarri zutela eta urteurrena ospatzeko asmoz, edizio berezia aurkeztu dute Laudion. Azaldu dutenez, “ertzeko identitateak oholtzaratzeko helburua du sariketak, eta aurtengoan parte hartzaile bereziak izango dira oholtzara igoko direnak”. Ez dira plazan dabiltzan bertsolariak izango kantuan arituko direnak, izan ere, antolakuntzaren esanetan “bertso plazara jauzi egiteko bidea hertsia izan da orain arte”. Bide hori nolakoa izan den ere azaldu dute, “herriko bertso eskolan hasi, eskolartekoan arrakasta izan, txapelketan izena emateko adorea izan eta adore hori izateko legitimitate publikoa sentitu, plaza guztiei baietz esan…”

Bide hori aldatzen ari den arren, orain arteko dinamikek emakumeak eta genero disidenteak baztertu dituela diote. Hortaz, aurten, bazterketa horren ondorioz kantatzeari eta plazetan aritzeari utzi diotenei egin nahi diete tokia. Zehazki, “bide hegemonikoan hasi, baina bertso jarduna utzi duten emakume eta genero disidenteak; eta plazan, bertso jardun egonkorrik ez duten emakume eta genero disidenteak”.

Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako plazan bildutakoek ondorengo saioak zeintzuk izango diren azaldu dute, hiru guztira: bi kanporaketa eta finala. Kanporaketak maiatzaren 10ean eta 17an izango dira, Eskoriatzan eta Iurretan, hurrenez hurren. Finala Iruñean izango da, maiatzaren 31n.  Saio horietan kantatuko dutenak aste honetan zehaztuko dituzte. Horien artean izango da aurtengo pameladuna.

Saio guztien aurretik bazkaria izango da, 14:00etan, eta bertso-saioak 17:00etan hasiko dira. Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eskuratu daitezke.

Zabaldu:

Utzi erantzuna