(argazkia: Arrasateko Udala)

Maiatzaren 10ean abiatuko da Udaberriko Musikaldia Arrasaten

Kontzertuak San Frantzisko elizan eta Juan Arzamendi Musika Etxeko auditorioan izango dira. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.

Maiatzaren 10etik 26ra bitartean, Udaberriko Musikaldiaren 20. edizioan egingo dute Arrasaten. Urteak igaro ahala, musikazaleentzat erreferentziazko hitzordua bihurtu dela diote antolatzaileek, “hasieran musika klasikoa nagusi bazen ere, urteen poderioz egokitu egin da, mota eta estilo askotako ekitaldiekin. Gaur egun Arrasateko musikarien erakusleiho ere bihurtu da, bai bakarlarientzat, eta baita musika taldeentzat ere”.

Hala, Musikaldira gerturatzen denak zazpi kontzertu izango ditu aukeran, denak 19:30ean San Frantzisko elizan eta Juan Arzamendi Musika Etxeko auditorioan. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Egitaraua

 Maiatzaren 10ean, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean: Sugaar Ensemble. Errepertorio ezberdina modu entretenigarri eta atsegin batean ezagutarazteko gogoa duen taldea dela dio antolakuntzak, elkarrekin musika egiteko grinak bultzatuta. “Taldearen izenarekin identifikatuta sentitzen dira bost musikariak, izan ere, Euskal mitologian Sugaarek sugarra, garra, sua esan nahi du, eta zaintzen ez bada itzalita bukatzen du”.

Maiatzaren 12an, San Frantzisko elizan: All’antíca.

Diziplina anitzeko proposamen eszenikoa da eta barroko ingeleseko, frantseseko eta italiarreko antzinako musika estiloak uztartzen ditu; hala, iragana eta oraina elkartzea du helburu. “Kontzertu honen bidez, XVII. mende amaieran errotutako ohitura emango da ezagutzera.

Maiatzaren 17an, San Frantzisko elizan: Kea Abesbatza.

16 abeslari profesionalez osatua, Euskal Herrian bere estiloan dagoen ahots talde bakarra da. Kea 1997an sortu zen, “XX. eta XXI. mendeetako gutxien erabiltzen den musika korala interpretatzeko tresna ezin hobea sortzeko, euskal egileekiko sentsibilitate berezia duena”.

Maiatzaren 18an, San Frantzisko elizan: Arrasate Musikaleko Orkestra eta Goikobalu Abesbatza.

Arrasate Musikaleko Orkestra Sinfonikoa 1975ean sortu zuen Juan Arzamendi Enparantzak, Arrasate Musikal orduko akademiako zuzendari eta fundatzailea izan zen. Arrasate Musikaleko oraingo Orkestra Sinfonikoa eskolako ikasleek, irakasleek eta ikasle ohiek osatzen dute. Zuzendaria Iker Olazabal da.

Goikobalu Abesbatza, berriz, “betidanik Arrasaten egon den musika koralarekiko (Parrokiko Abesbatza, Zartzuelen emanaldiak, Danok Abesbatza) ilusio eta zaletasunaren fruitua da. 1996an Iñaki Maidaganek bere gain hartu zuen Abesbatzaren zuzendaritza”.

Maiatzaren 22an, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean: Aitor Garitano.

Tenorea Bergaran jaio zen 2000. urtean, eta Bergarako Musika Eskolan egin zituen lehen musika ikasketak. Batxilergo musikala egin ondoren, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan jarraitu zituen kantu ikasketak Mercedes Astuy eta Haizea Muñoz irakasleekin. Gaur egun, Musikenen kantu-ikasketak egiten dabil Maite Arruabarrena mezzosopranoarekin eta Itziar Barredo eta Maciej Pikulski errepertoristekin.

Maiatzaren 25ean, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean: Iñar Sastre.

Denetariko doinuak abiapuntu hartuta eta sorkuntza propioa ezinbesteko tresna izanda, ibilbide musikal oparo bat proposatzen digu piano jotzaileak bakarkako lan honetan

Maiatzaren 26an, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean: Eñaut Zubizarreta.

Doodem bidai bat da, Paul Gilroy soziologoak aipatzen duen Atlantiko Beltzean zehar: zazpi kanta, zazpi herri. Beraz, herriko musikan azpimarra egiten du lan honek, ‘herrikoitasunean’ erori gabe baina, beti begirada berritzaile batekin. Tokian tokiko berezitasun musikalak ideia estetiko gisa hartu, nahastu eta kanta ezberdinetan aplikatu dira.

Zabaldu: