Maiatzaren 14tik 17ra egingo da aurtengo Umore Azoka, Leioan

Jaialdiak 40 konpainia baino gehiagoren partaidetza izango du, eta horietatik erdia Euskal Herrikoak izango dira.

Leioako Umore Azokak mundu osotik etorritako 540 proposamen artistiko baino gehiago jaso ditu maiatzaren 14tik 17ra egingo den XXI. edizioan parte hartzeko. Batzorde artistikoak proposamenen originaltasuna, berrikuntza, ikusgarritasuna eta kalitatea baloratu ditu batez ere, datozen asteetan iragarriko diren konpainiak aukeratzeko.

Aurreko edizioetan bezala, jaialdiak 40 konpainia baino gehiagoren partaidetza izango du, eta horietatik erdia Euskal Herrikoak izango dira, “bertako kaleko komunitate artistikoarentzako erakusleiho eta topagune gisa betetzen duen lekua sendotzeko”, nabarmendu dute antolatzaileek. Halaber, nazioarteko konpainien presentzia ere sustatu nahi dute, “ikus-entzuleek horrelako topaketetan ohikoak ez diren herrialdeetako sorkuntza panoramaz gozatzeko aukera izan dezaten”. Japoniako, Kenyako eta Ukrainako proposamenak dira horietako batzuk.

Horretaz gain, profesionalen topaleku ere izango da Leioa maiatzean, aurreko edizioetan hasitako bidean sakonduz. Portugalgo hamar jaialdi garrantzitsuenetako zuzendari artistikoak azokako egun guztietara etorriko dira.

Umore Azoka maiatzaren 14tik 17ra egingo da Leioako hainbat txokotan, “ikusgarritasuna eta gertutasuna, antzerkiaren, umorearen, zirkuaren, musikaren eta dantzaren adierazle onenen azken estreinaldiekin eta lan arrakastatsuekin uztartzeko aukera emango duen egitarauarekin”. Hori guztia sarrera libre eta doakoarekin.

Zabaldu: