(argazkia: Errenteriako Udala)

Maiatzaren 17tik 25era izango da Musikasteren 52. edizioa Errenterian

Idoia Hernandez Hatxe Errenteriako konpositorearen musika esperimental eta garaikidearekin abiatuko da aurtengo edizioa.

Maiatzaren 17tik 25era izango da Musikaste Euskal Musikaren Astearen 52. edizioa. Zazpi egunetan banatuta, guztira hamahiru emanaldi egingo dituzte Oreretako hainbat agertokitan. Gainera, aurtengoan Lekuona Fabrikak garrantzi handia izango du, zazpi kontzertu hartuko baititu.

Beraz, bihar abiatuko da Musikaste, Idoia Hernandez Hatxe Errenteriako konpositorearen musika esperimental eta garaikidearekin. Ohikoa denez, Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak agur esango diote jaialdiari hilaren 25ean.

Aurten, txistu, organo, musika erlijioso eta Errenteriako Musika Bandaren kontzertuak ez dira faltako igandeko agendan, eta arratsaldean Koloreka kontari ikuskizuna gehituko zaio Lekuona Fabrikan, herriko sei gazte abesbatzaren emanaldiarekin.

Kontzertu didaktikoetarako tartea ere izango da, Herriko 1.300 ikasle baino gehiagok emanaldia ikusteko aukera izango baitute. Halaber, Abesbatzen eguna ere egingo dute Musikasteren edizio honetan.

Musikasteren bidez, “Errenteria, zortzi egunez, euskal musikaren hiriburu” bilakatuko dela nabarmendu du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, eta balioan jarri ditu herriko eragileek eta sortzaileek programan izan ohi duten presentzia.

Kontzertuetarako sarrerek 7 euroko prezioa izango dute; igande goizeko emanaldiak, berriz, doakoak izango dira. Sarrerak Eresebil Fundazioan, Lekuona Fabrikan eta hemen eros daitezke. Halaber, kontzertuen egunean bertan ere areto bakoitzean sarrerak erosteko aukera izango da.

Jaialdiaren programazio osoa esteka honetan kontsulta daiteke.

Zabaldu: