Goitibera Teatroaren 'Amatxik Dixit' antzezlana ekainaren 2an taularatuko dute

Maiatzaren 24tik ekainaren 2ra egingo da Debako Antzerki Astea

Aurtengoa jaialdiaren 37. edizioa izango da eta guztira bederatzi antzezlan jasotzen ditu egitarauak, herritar ororen gozamenerako. Antzezlanetarako sarrerak dagoeneko salgai daude. Lehenengo obra Legea gu gara maiatzaren 24an, arratsaldeko 19:00etan izango da Barsantiren eskutik. Emanaldia Plaza zaharrean izango da, doan.

Maiatzaren 24tik ekainaren 2ra bitartean, Deba euskal antzerkiaren agertoki bilakatuko da, Antzerki Astearen hogeita hamazazpigarren edizioarekin.

Goaz antzerki taldeak antolatutako antzerki aste hau, urtez urte, hitzordu garrantzitsua bilakatu da Deban zein bertako biztanleen artean.

Aurtengo jaialdiak bederatzi antzezlan desberdin jasoko ditu, umorea, drama edota misterioa bezalako gaiak oinarri hartuta, “ikusle ororen gozamenerako”, nabarmendu du antolakuntzak. Iaz bezala, talde amateurrek ere hartuko dute parte jaialdian, kasu honetan, Lezokoak eta Bergarakoak izango dira. Horrez gain, aurten lehen aldiz, herriko antzerki ikastaroko gazteek antzezlan bat eskainiko dute Lasturko jauregia izenpean.

Antzezlan ia gehienak Ispiluen Gelan eskainiko dira, baina badira bi espazio horretatik kanpo izango direnak, Plaza Zaharrean bata eta Itziarko Burugorri ostatuan bestea. Ohikoa denez, antzerki guztiak izango dira euskaraz, Debako hizkuntza ama baita talde antolatzailearen jardunaren oinarri.

Antzezlan batzuk doakoak izango dira, eta beste batzuentzat sarrera eskuratu beharko da aldez aurretik, ondorengo estekan.

Zabaldu: