2021ean Saioa Alkaizak eraman zuen txapela (argazkia: Bertsozale Elkartea)

Maiatzaren 26an eta ekainaren 2an izango dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako aurrekanporaketak

Lehen saioa Laurranen izango da eta Etxaurin bigarrena. Denetara hamabi bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, zazpi sailkatuko dira urriaren 7an abiatuko den txapelketarako.

 2023ko Nafarroako bertsolari Txapelketa urriaren 7tik abenduaren 2ra bitartean jokatuko da aurten, aurretik, baina, bi aurrekanporaketa saio izango direla iragarri du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, txapelketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda osatzeko. Maiatzaren 26an izango da lehen saioa Larraunen, eta ekainaren 2an bigarrena Etxaurin, denetara hamabi bertsolarik hartuko dute parte.

Txapelketako araudiaren arabera, 2021eko edizioan parte hartu zuten bertsolariek bakarrik dute bermatuta txapelketarako txartela. Aurretik inoiz parte hartu ez dutenek, edota 2021koa baino lehenagoko edizioren batean parte hartutakoek, txapelketara sailkatzeko aurrekanporaketa fasea jokatu beharko dutela azpimarratu du elkarteak. Saioak osatzeko, azken txapelketako azken hiru sailkatuak ere batu zaizkie guzti horiei. Gauzak horrela, 17 bertsolari dira dagoeneko urrian hasiko den txapelketarako sailkatuta daudenak, eta 12 aurrekanporaketak jokatuko dituztenak. Azken horietatik zazpik lortuko dute sailkapen txartela (saioetako irabazleak, eta puntuazioaren araberako lehen bostak) eta beraz, 24 bertsolarirekin abiatuko da txapelketa urrian. Aimar Sagastibeltza, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Joseba Beltza ariko dira epaile lanetan bi aurrekanporaketa hauetan.

Aurrekanporaketa saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira 5 euroan arruntak, 4 euroan bazkideenak, eta 3 euroan 18 urtetik beherakoenak.

Hauexek dira bi saio horien xehetasunak:

Larraungo Gabari gune irekian (Larraungo udaletxea). Maiatzak 26, ostirala, 18:30ean. Parte hartuko duten bertsolariak: Beñat Astiz Isasi, Etxahun Azkarraga Fernandez, Fernando Ziganda Urdanpilleta, Mintxo Astiz Goñi, Peio Ardaiz Gale eta Urko Gartzia Aleman. Gai-jartzaile lanetan Alaitz Rekondo Ferrero arituko da.

Etxauriko udaletxeko aretoa. Ekainak 2, ostirala, 18:30ean. Parte hartuko duten bertsolariak: Ainara Ieregi Aranburu, Aitor Irastortza Arrizurieta, Bittori Elizalde Soto
Egoitz Gorosterrazu Elizagoien, Eki Mateorena Zozaia eta Saats Karasatorre Martinez. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Ander Aranburu Arriola arituko da.

Zabaldu: