(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Maiatzaren 4an abiatuko da Udabarria Bertsotan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea

48 bertsolarik eman dute izena fase honetan. Denetara zortzi saio izango dira.

2023ko udazkenean izango da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, urrian hasi eta abendura bitartean. Aurretik, berriz, txapelketara sailkatzeko fasea jokatuko da maiatzean: Udabarria Bertsotan.

Orotara 48 bertsolarik eman dute izena fase honetan eta, Bertsozale Elkarteak nabarmendu duenez, Bizkaiko eskualde guztietako partaideak egongo da. Kopurua kontuan hartuta, zortzi saio egingo dira, sei bertsolarikoak.

Maiatzeko lau eguenetan izango dira saioak, eguen bakoitzean saio bi, bakoitza herri desberdinean.

Bertsolariak A eta B multzoetan banatu dituzte: A taldean Aissa Intxausti, Aitor Arrutia, Ander Sarriugarte, Asier Alcedo, Asier Galarza, Beñat Bilbao, Bittor Salterain, Eneko Aldana, Garazi Navarro, Igor Galarza, Iker Garitagoitia, Illart Gumuzio, Iñaki Iturriotz, Ion Barrocal, Irune Basagoiti, Izaro Bilbao, Janire Arrizabalaga, Jone Larrinaga, Julen Ibarguengoitia, Koldo Gezuraga, Lurdes Ondaro, Maider Altuna, Nagore Beitia eta Peio Lago ariko dira. B taldean, berriz, Ana Picallo, Ander Aldazabal, Ander Elorriaga, Ander Ezeiza, Araitz Katarain, Arkaitz Zipitria, Bikain Urkiri, Bittor Altube, Enare Muniategi, Garikoitz Sarriugarte, Ibai Amillategi, Iker Uriarte, Imanol Arrutia, Inazio Vidal, Iruri Altzerreka, Jokin Ansotegi, Koldo Muñiz, Maite Sarasola, Mikel Goiriena, Mikel Retolaza, Naroa Torralba, Peru Irastorza, Peru Vidal eta Unai Mendiburu.

Multzo bakoitzeko lau saio jokatuko dira, eta puntuazioz sailkatuko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketara. Multzoko 13 bertsolarik egingo dute aurrera gutxienez. “Bizkaiko Bertsolari Txapelketako izen ematearen arabera”, zehaztu dute. Udazkeneko fasean sartuko dira zuzenean 2021ean finalaurrekoetan eta finalean kantatu zuten bertsolariak.

Talde antolatzailea udazkenetik ari da saioen prestaketekin lanean eta, urte hasieratik, gai-jartzaileak eta epaileak ere lanean ari dira.

Sarrerak apirilean jarriko dituzte salgai www.bertsosarrerak.eus atarian.

Zabaldu: