(argazkia: San Telmo Museoa)

Maiatzaren 8an Gipuzkoako Erroten Egunaren 1. edizioa ospatuko dute

Ondare-elementu horien inguruko jarduera programa zabala antolatu da, horiek balioan jarri eta jendeari ezagutarazteko

Errotak gure ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte dira. Mende askotan zehar garrantzi handia izan dute Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean. Lurraldearen antolaketaren eta giza jardueraren adierazpenik esanguratsuenetako bat dira, ondare adierazgarria, gizakiak bere ingurunearekin dituen harremanei buruz hitz egiten duena, eta gure kulturaren eta historiaren parte diren iraganeko bizimoduei buruz hitz egiten duena.

Gipuzkoako Erroten Eguna ospatzeko ekimena Ihurrita Errota elkarteak bultzatu du, eta lurraldeko hainbat elkarte, udalerri eta eragileren laguntza izan du, besteak beste, Donostiako San Telmo Museoarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Jendeari errotak hobeto ezagutarazteko eta ondare-elementu horri lotutako alderdi ezberdinak ulertzeko aukera ematea du helburu: historia eta kultura, ingurumena, teknologia, energia desberdinen erabilera eta gure gizarteak eta paisaiak izan dituzten aldaketak.

Antolatzaileen arabera, “lurraldearen orografiari eta klima euritsuari esker, errotaren industria garatu da, mendeetan zehar energia hidraulikoa baliatzen baitzuen komunitateari zerbitzua ematen zion hainbat zereal mota ehotzeko. Arto amerikarraren etorrerak eta gure lurraren ezaugarrietara ondo egokitzeak euskal geografiako bazter guztietara zabaldu ziren erroten kopurua biderkatu zuen, eta hainbat mendetan zehar beren jarduerari eutsi zioten, pixkanaka bigarren maila batean geratzen joan ziren arte”.

Gaur egungo erroten panoramak ez du zerikusirik duela mende batzuetako egoerarekin, ezta Antxon Agirre Sorondok duela 40 urte Tratado de Molinología lanean bildutako 600 errota baino gehiagorekin ere. Iraganeko garrantzi ekonomikoa galduta, errotek ondare balio berria hartu dute, bizimodu bati eta gizarte baten jakintzen transmisioari estuki lotutako jarduera batena.

40 jarduera baino gehiagok publiko guztiarentzako egitaraua osatzen dute, besteak beste, errotagintza topaketa, hitzaldiak, bisita gidatuak, haur eta familientzako tailerrak, martxak, erromeriak, ate irekien egunak… Zehazki, Aia, Altzo, Amezketa, Antzuola, Arama, Asteasu, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Beizama, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Eskoriatza, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Irun, Larraul, Legazpi, Mutiloa, Oiartzun, Oñati, Ormaiztegi, Tolosa, Usurbil, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zizurkil eta Zumaian egingo dira jarduerak.

 Apirilaren 29an, ostirala, emango diote hasiera ekimenari Gordailuan bisita gidatu batekin eta Igartzako errotan zabalduko den erakusketarekin, eta apirilaren 30a egun seinalatuetako bat izango da, Larraulen egingo den errotagintza topaketarekin. Bertan, edizio honetako parte hartzaileak bilduko dira goizean zehar. Maiatzaren 7an eta batez ere 8an biltzen dira proposamen gehienak, eta maiatzeko hurrengo asteburuetan jarraituko dute.

Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu: