(argazkia: Iruñeko Udala)

Maiatzean abiatuko da ‘Kantu eta Hitza’ euskarazko formatu txikiko kontzertu zikloa Iruñean

Anari musikariak zabalduko du aurtengo zikloa maiatzaren 8an, Pompelo Civivoxean. Sara Zozaya, Izaki Gardenak, Xak, Bisaiak, Kaskezur eta Erromintxelak talde eta bakarlariek ere parte hartuko dute.

Kantu eta Hitza euskarazko formatu txikiko kontzertu-zikloa maiatzean bueltatuko da Iruñera. Aurtengo edizioan zazpi kontzertu antolatu dira, maiatzetik ekainera bitartean. O-ko Andre Maria plaza izango da emanaldien agertokia, lehenengoa salbu, maiatzaren 8an Pompelo Civivoxean egingo baita.

Zikloa maiatzaren 8tik ekainaren 25era bitartean izango da eta Anarik izango du irekitzeko ardura, Pompelo Civivoxean eskainiko duen zuzenekoarekin. Musikari gipuzkoarra ohiko taldearekin igoko da taula gainean eta sarrerak salgai daude jada.

Gainerako emanaldi guztiak doakoak izango dira eta astero egingo dira maiatzaren 21etik ekainaren 25era bitartean, O-ko Andre Mariaren plazan. Soilik eguraldi txarra egiten badu, aire zabalean egin ordez, kontzertuak Erraldoien patioan egingo dira (Descalzos k. 72). Erraldoien patioak edukiera mugatua du, kasu horretan, beraz, gonbidapena beharko da.

Zikloarekin euskarazko musika sorkuntza hedatzea eta sustatzea du xede Iruñeko Udalak. “Aukeratutako formatua ikuskizun akustiko eta intimoak dira, askotariko estilo eta erritmoei bide emanez. Hala, egile-abestiak eta folka izanen dira nagusi, baina jazza, popa eta reggaea ere entzunen dira”, azaldu du antolakuntzak.

Egitaraua

Zikloaren hasiera-kontzertua. Pompelo Civivoxa 20:00etan.

  • Maiatzak 8: Anari
  • Sarrera: 10 euro. Sarrerak txarteldegian hartuko dira, edo Iruñeko Udalaren kulturako webgunearen bidez (pamplonaescultura.es/eu).

O-ko Andre Mariaren plazako kontzertuak: 20:00etan (euririk balitz, kontzertuak Descalzos kaleko Erraldoien Txokoan eginen dira)

  • Maiatzak 21: Sara Zozaya
  • Maiatzak 28: Izaki Gardenak
  • Ekainak 4: Xak
  • Ekainak 11: Bisaiak
  • Ekainak 18: Kaskezur
  • Ekainak 25: Erromintxelak
  • Sarrera librea
Zabaldu:

Utzi erantzuna