(argazkia: Donostia Kultura)

Maider Uriartek irabazi du Donostiako Hamaika entzuteko! IX. Irrati-piezen lehiaketa

Bigarren saria Ruben Martinezentzat izango da Arbizu Enea izeneko lanagatik.

Donostia Kultura Irratiak antolatutako Hamaika entzuteko! IX. Irrati-piezen lehiaketako sari nagusia Maider Uriarte kazetariarentzat izango da, Kirikoketa piezagatik. Bigarren saria, berriz, Ruben Martinezentzat izango da Arbizu Enea izeneko lanagatik. Saridunak DK Irratiaren Ispilu beltza irratsaio berezi batean ezagutaraziko dira.

DK Irratiaren Ispilu beltza irratsaio berezia ostiralean, abenduak 22, goizeko 8:00etan abiatuko da, FM107.4 sintonian eta irratia.donostiakultura.eus webgunean. Bertan, Hamaika entzuteko! IX. Irrati-piezen lehiaketako pieza irabazleak entzuteaz gain, saridunekin elkarrizketak izango dira, eta baita lehiaketaren antolatzaile eta epaimahaikideekin solasaldiak ere. Halaber, 14:00etan eta 21:00etan saioaren errepikapena entzuteko aukera egongo da.

Epaimahaiak aho batez erabaki du aurten lehiaketara aurkeztutako lan guztietatik Kirikoketa  saritzea: “Pieza laburra eta erakargarria da, soinu-geruza ugari dituena eta efektuak oso modu eraginkorrean erabiltzen dituena. Hizkuntza aberatsa duena eta Euskal Herriko ohituren isla diren soinu eta sentsazioak transmititzen dituena”.

Martinezen Arbizu Enea lanari dagokionez, epaimahaiak azpimarratu du lan originala eta umoretsua dela, soinu-efektuak oso ongi erabiltzen dituena eta entzulea irratsaioan kontatzen den istorioan murgiltzeko gaitasuna duen pieza entretenigarria.

Hauek izan dira epaimahaikideak: Susana Bustero Casares-Tomasene Kultur Etxeko zuzendaria, Manex Urruzola Elhuyarreko komunikazio-zerbitzuen koordinatzailea eta Lierni Ezeiza Donostia Kulturako Komunikazioa eta Irudia saileko teknikaria.

Zabaldu: