(argazkia: Donostia Kultura)

Maitasunaren geografiak izango ditu ardatz Literaktum jaialdiak azaroaren 13tik 26ra, Donostian

Literaturan gai nagusienetako bat izan da maitasuna eta jaialdiak gaiari ikuspegi ezberdinetatik heldu nahi dio. Lehen maitasunaz, maitasun harreman berriez, maitatzeko modu berriez edota laguntasunaz arituko dira sortzaileak.

Donostiako Literaktum letren jaialdiak azaroaren 13tik 26ra du aurtengo hitzordua. Sail eta proposamen berriekin eta, ohi denez, kolaborazio-sare zabalarekin dator aurtengoan ere, bestelako lengoaia eta diziplinekin elkarrizketan literaturara hurbiltzea duen nortasun ezaugarriari eutsiz.

Maitasunaren geografiak du izenburu aurtengo literatura jaialdiak. Azaldu dutenez, “maitasuna, ulertzen ez dugun baina bizitzeko ezinbesteko dugun sentimendua. Izan ere, bizi al daiteke inolako maitasunik gabe? Maitasunak, maitasun ezak edo desamodioak emoziorik muturrekoenak eragin ditzake gizakiarengan eta sortzaileengan, sorkuntza iturri ere izan ohi dira”.

Literaturan gai nagusienetako bat izan da maitasuna eta Literaktumek gaiari ikuspegi ezberdinetatik heldu nahi dio. Lehen maitasunaz, maitasun harreman berriez, maitatzeko modu berriez, laguntasunaz arituko dira sortzaileak.

Gaiaren harira, Literaktumen inguruan bilduko dira Antonio Muñoz Molina, Ray Loriga, Marta Jimenez, Alejandro Gandara, Maximo Huerta eta Patxi Zubizarreta, euren azken lanetan azaltzen diren maitasun mota ezberdinen ñabardura eta garrantziaz hitz egiteko. Ramon Andres,  Gioconda Bellik eta Antje Rávic Strubel ere izango dira Literaktumen.

Donostia Kulturak nabarmendu duenez, “literatura jaialdia liburu-dendetara itzuliko da, liburu-saltzaileekin duen lankidetza harremana sendotuz. Zubieta-TROA liburu-dendan izango dugu Jacobo Bergareche eta Elkar Aretoan berriz, Nerea Balda”.

Modu batera zein bestera, urteurrenek ere lekua izango dute Literaktumen. Mikel Laboa sortzaile handia zendu zela 15 urte beteko dira abenduan, Jules Verneren Munduari bira 80 egunetan argitaratu zela 150 urte dira eta Euskal Irudigileen elkarteak 20 urte bete ditu.

Hiru erakusketek hartuko dituzte, besteak beste, urtemuga hauek. Laugarren erakusketak, aldiz, Surflaria komikia izango du oinarri.

Haur literaturan gertatzen ari den ipuinen berridazketaz mahai-ingurua, Patri Urkizu lagunartean saioa eta Irun Hiriko Kutxa Literatura sariak ere izango dira Literaktumen.

Antzezlanek, literatura emanaldi musikatuak, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik datorren Poesia(k) eta maitasuna(k) emanaldiak eta aurten ere Literaktum Txikiaren baitan Oninen abenturak gaitzat duen ilustrazio lehiaketak osatuko dute programa zabala.

Zabaldu: