Guztira 526 partaide aurkeztu dira lehiaketan, iazko kopurua aise gaindituz, eta epaimahaikideek azpimarratu dutenez, “gai sakonak” jorratu dira idatzietan, eta “ikuspuntu originalak” proposatu.
2021eko Resurreccion Maria Azkue Literatura sariak banatu dira gaur Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Akademiak berak eta BBK-k 1991etik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. Hauexek izan dira aurtengo epaimahaikoak: A mailan, Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni eta B mailan, Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta.
Epaileek azpimarratu dutenez, “gai sakonak” jorratu dira aurtengo idatzietan, eta sarritan “ikuspuntu originalak” proposatu. Bizitzaren ertz guztiak “sakon aztertzeko gogoa” sumatu dute partaideengan.
A mailako sariak
Narrazioaren alorra:
Lehen saria: I can’t breathe. Egilea: Karla Loinaz (Haurtzaro ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa). Epaileen iritziz, “Estatu Batuetan poliziak belaunarekin sakatuta gizon beltz bat hil zueneko pasartea dakar gogora. Oso ondo idatzia dago eta, gaia ezaguna izan arren, era berri batez aurkeztu du, ikuspuntu originala duela. Horrez gain, gaia sakontasunez garatuta dago, era pertsonal, hurbil eta, era berean, sakona lortuz”.
Bigarren saria: Jaizkibel. Egilea: Maddi Mitxelena (Haurtzaro ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).
Hirugarren saria: Arrantzalea eta sirena. Egilea: Larraitz Olazabal (Zubi Zaharra ikastola, Balmaseda – Bizkaia).
Aipamen berezia: Zisnearen hegaldia. Egilea: Maria Ruiz (Lasalle Beasain, Beasain – Gipuzkoa).
Olerkiaren alorra:
Lehen saria: Ezinegona. Egilea: Nerea Cestona (Urola BHI, Azpeitia – Gipuzkoa). Epaileen ustez, “pesimismo egoera baten adierazpen poetikoa da, eta profetikoa ere bai; metafora baliatuz, eta errima lagun, poema indartsu bat osatzen du”.
Bigarren saria: Gauaren atseden ilunean. Egilea: Hegoa Aizpuru (Urola BHI, Azpeitia – Gipuzkoa).
Hirugarren saria: Itsasoak soilik daki. Egilea: Aner Elorza (Urola BHI, Azpeitia – Gipuzkoa).
Aipamen berezia: Testuinguruan bakarraraziz. Egilea: Irati Oskoz (Usandizaga BHI, Donostia – Gipuzkoa ).
B mailako sariak:
Narrazioaren alorra:
Lehen saria: OpoIpiApaRTZUpuN. Egilea: Malen Sarasola (Koldo Mitxelena BHI, Errenteria – Gipuzkoa). Epaileen iritziz, “errealitatetik mitologiara eta mitologiatik errealitatera modu polit eta dibertigarrian jauzi egiten duen ipuina, idazkera arin eta ederraren bitartez”.
Bigarren saria: Kaleko urdanga. Egilea: Peio Enbeita (Gernika BHI, Gernika-Lumo – Bizkaia).
Hirugarren saria: Zentzumenen memoria. Egilea: Oihane Retegi (Oiartzo ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa)
Olerkiaren alorra:
Lehen saria: Argiak itzaltzen diren tokia. Egilea: Sara Uribe-Etxeberria (Zumaia BHI, Zumaia – Gipuzkoa). Epaileen arabera, “harresiak desegiteko eta altzairuzko bihotzak apurtzeko poesia, kritika pizteko eta emozioak berpizteko; agian, lo daudenak esnatzeko”.
Bigarren saria: Larrazkeneko gau epela. Egilea: Esteban Borromée (Bernat Etxepare Lizeoa, Baiona – Lapurdi).
Hirugarren saria: Oda bizitzari. Egilea: Alvaro Diez (Koldo Mitxelena BHI, Errenteria – Gipuzkoa).
Resurreccion Maria Azkue saria, berez, 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateetan, eta 1990. urtera arte iraun zuen. Urte haietan, ez zen gaztetxoentzako saria izan, helduentzakoa baizik, eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten saria. Beste horrenbeste gertatu da 1991etik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria.