(argazkia: Etxepare Saria)

Maite Rosende eta Nerea Ariznabarretaren ‘Mamuki’ haurrentzako album ilustratua kalean da

Egileek uztailean jaso zuten Etxepare saria egitasmo honengatik.

Pamiela argitaletxeak Etxepare saria irabazi duen Mamuki haurrentzako album ilustratua argitaratu du. Maite Rosende ilustratzaile donostiarrak eta Nerea Ariznabarreta idazle eibartarrak elkarlanean egindako lana da, eta, epaimahaiaren ustez, “beldurrari buruzko gogoeta jostagarria”. Istorio honetako protagonista Mamu txiki bat da Mamuki izenekoa. Gau Beltza da eta gaixorik dagoenez ezin du sustorik eman. Horregatik, hainbat pertsonaia beldurgarri saiatuko dira hura osatzen edo sendatzen, hala nola banpiroa, zonbia, Zakuzahar eta Otsoko.

Etxeko agertoki minimalistan txakur jolastia ere saiatuko da Mamuki sendatzen, baina orduak joan, orduak etorri, munstroak joan, munstroak etorri, ez da konponbiderik inondik ere agertuko.

Apaindura gutxiko etxean osagai bakoitzak sinbolismo handia erakusten du, erlojuak eta ilargiak batik bat, txakurrarekin batera betiere. Baina istorio-misterioa arras aldatuko da, erlojuak argi adierazi bezala, bi orduren buruan munstroek eta piztiek elkar hartzen dutenean.

Narrazioa paralelismoetan eta hitz jokoetan eraiki dute egileek, erritmoa eta errima erabiliz eta haurrei oso gertukoa eginez. Testua, finean, beldurrari buruzko gogoeta jostagarria bilakatuko da, gertukoa eta goxoa.

Erritmoa eta errima dira ilustrazioen ezaugarriak, “benetan dira samurrak eta maitagarriak, dibertigarriak eta ganberroak”, epaimahaiaren arabera. “Horregatik da bikaina Mamuki albuma, testuaren eta ilustrazioaren arteko uztarketa aparta delako, biek ere soilak eta sotilak diruditen arren. Irakurlearengan irribarrea eta konplizitatea pizten dute, eta orrialdeetan atzera egiteko gogoa, lehen begiratuan ikusi ez ditugun xehetasunak bilatzeko, ludikotasuna eta adiskidetasuna aldarrikatzeko”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna