(argazkia: Maite zaitut kultur elkartea)

‘Maite Zaitut’ festa erraldoia egingo dute maiatzaren 3an BECen Pirritx, Porrotx eta Marimotots omentzeko

Diziplina anitzeko artista ugari igoko dira oholtzara, horien artean dira, besteak beste, Uxue Alberdi, Olatz Salvador, Ines Osinaga, Gure Zirkua, Bonberenea Txaranga eta Oinkari Dantza Taldea. Omenaldi honen bidez, belaunaldi askoren heziketan eta euskal kulturaren zabalkundean izan duten garrantzia azpimarratu nahi dute antolatzaileek.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 37 urteko ibilbidean zehar euskal jendarteari egindako ekarpena aitortu eta eskertzeko asmoz, Maite Zaitut festa erraldoia antolatu dute herritar talde batek. “Omenaldi honen bidez, belaunaldi askoren heziketan eta euskal kulturaren zabalkundean izan duten garrantzia azpimarratu nahi dugu”, adierazi dute.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “hau ez da Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ohiko ikuskizun bat. Festa erraldoia omenaldi bat da, haien ibilbideari eta sortu duten unibertso magikoari eskainitako ikuskizun berezia. Pailazoak bertaratuko dira, baina publikotik eta oholtzatik omenduak izango dira”.

2025ean 20 urte beteko ditu pailazoen Maite Zaitut abesti ikonikoak, “euskal komunitatearen maitasun eta batasun ereserki bilakatu denak”. Horrez gain, 37 urteko ibilbide luze eta oparoaren ostean, “une aproposa iruditu zaigu haien ekarpen pedagogiko, sozial eta kulturala publikoki aitortzea eta haiei maitasun eta esker ona adieraztea. Orain arte eman diguten guztia bueltan emateko modu berezia da”.

Festa maiatzaren 3an egingo da Barakaldoko Bizkaia Arena-BECen, eta antolakuntzak aurreratu duenez, “ekitaldia omenaldi artistiko eta emozionala izango da. Ikuskizun hunkigarria, dibertigarria eta adin guztietarako egokia izango da, haien unibertso magikoan inspiratutako jarduerekin”. Horretarako, diziplina anitzeko artista ugari igoko dira oholtzara, horien artean dira, besteak beste, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Uxue Alberdi bertsolariak, Eñaut Elorrieta, Olatz Salvador eta Ines Osinaga musikariak, Gure Zirkua, Bonberenea Txaranga eta Oinkari Dantza Taldea.

Omenaldia arratsaldeko 17:00etan abiatuko da eta sarrerak nikeremaitezaitut.eus webgunean daude salgai.

Zabaldu:

Utzi erantzuna