(argazkia: Donostia Kultura)

Malen Agirreren ‘Kolorea, estanpazioa eta pintura’ erakusketa Donostian

Gaurtik irailaren 17ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa Aieteko Kultur Etxean.

Malen Agirre artista oiartzuarra mundu digital eta artisautzaren artean dabil. Estanpazio diseinatzaile gisa egiten du lana, eta diseinatzea bere beste pasioa den pinturarekin tartekatzen du. Koloretik hasita hizkuntza estetiko baten etengabeko bilaketan dabil artelanak sortzen.

Donostiako Aiete Kultur Etxean paratu duten Kolorea, estanpazioa eta pintura erakusketan hainbat teknika erabili ditu artistak: olioaz eta akrilikoaz gain, oihalekin ere jokatze du (keinu gisa, estanpatuak), eta ohikoak ez diren euskarriak erabili ditu, portzelanako jarroia, besteak beste. Hala, erakusketak eskala eta forma desberdinetako obrak ikusteko aukera ematen du, neurri oso handiko eta txikiko mihiseekin jolastuz.

Agirrek adierazi duenez, “Aieteko erakusketa orain arte egin dudan lanik libre eta erradikalena da”, bere erosotasun-eremutik atera eta bide berri batean murgildu da motibazio, kezka eta gozamenak bultzatuta.

Malen Agirrek betidanik izan du garbi bere patua koloreei lotuta egongo zela, sormenez inguratuta hazi zen, eta mundua ikusteko begirada txikitatik oso estetikoa eta sortzailea izan duelako.

EHUko Arte Ederretan lizentziatu zen eta estanpazio digitaleko graduondokoa egin zuen Bilboko Inedi Design School-en. Bere lan praktika beti egon da hizkuntza estetikoari lotuta, mundu digital eta artisautzaren artean .

Ehungintzako hainbat marken estanpatuen diseinatzaile gisa lan egin du, Pukas, Goiuri, Mirall Barcelona eta Wasted Talent, esaterako. Era berean, oihal eta paper margotuak diseinatu ditu partikularrentzat eta dekorazio eta interiorismo enpresentzat, Veluto eta Iturri Enea dira horietako batzuk. Honez gain, bere estanpatuen marka propioa garatu du, malen.

Bere ibilbide artistikoan zehar, Bilbo, Donostia, Australia, Buenos Aires eta Bartzelonako galerietan erakutsi ditu lanak.

Zabaldu: