Modus Operandi taldea

[BIDEOA] Man uharteko, Frisiako, Eskoziako eta Euskal Herriko taldeak Galdakaoko Musika Bizian jaialdian

Luthier musika tresna tradizionalak modu artisauan egiten dituzten sortzaileen azoka ere izango da.

Estaturik gabeko herrialdeetako musika jaialdi bakarra dugu Galdakaoko Musika Bizian. Aurten urriaren 25ean eta 26an egingo da herriko Andra Mari dantza taldeak antolatuta eta bertan, Euskal Herriko, Man uharteko, Frisiako eta Eskoziako taldeak igoko dira oholtzara. Horretaz gain, jaialdiak jarduera paralelo bat bultzatzeko apustua egin du aurten: luthier musika-tresna tradizionalak modu artisauan egiten dituzten sortzaile azoka.

Euskal musika ordezkaritzaren buru Alboka izango da edizio honetan, Alan Griffin eta Joxan Goikoetxearen euskal folk talde beteranoa. Gaur egun zortzi kide dituen taldea euskal folkaren ordezkari sendoenetakoa dela diote antolatzaileek. Herriko erromantze tradizionaletan oinarritutako melodiak eguneratu eta sortu berri diren beste batzuk eskaintzen ditu.

Seigarren edizio honetan parte hartuko duen bigarren euskal taldea Modus Operandi dugu. Bi urteko ibilbidea egin du jada IƱaki Ortiz de Villalbak bultzatutako egitasmoak eta disko bat kaleratu du. Estiloari dagokionez, ska, rocka, soula, reggaea eta baita Balkanetako eraginak ere uztartzen ditu.

Europako hainbat herrialdetako hiru taldek osatzen dute Musika Bizian jaialdiaren egitaraua: Skipinnish eskoziarrek, Tomas Callister Man uharteko biolin jotzailearen Mec Lir egitasmoak eta Baldrs Draumar-ek, bere abestiak Herbehereetako Frisia probintziako hizkuntzan abesten dituen Viking Metal taldea da.

Jaialdiko bi egunetan 21:00etatik aurrera izango dira zuzenekoak, hori baino lehen baina, kaleko animazioa egongo da Taberna Ibiltaria eta Xistra de Coruxoren eskutik.

Jalaidiko aurtengo berrikuntza nagusietako bat musika-tresna tradizionalen fabrikazioan espezializatuta dauden luthierren erakusketa izango da. Horrela, bertako Osses (Otazu) Jotzen (Zeanuri), Katxarrismos (Portugalete), Sospalak (Lemoa), Jose Adarrak (Zumaia) eta Ezpela (Berriozar) artisauekin batera, antolakuntzak ekimenari bultzada bat eman nahi izan dio eta erakusketa ere zabalduko du, lehen aldiz Sardiniako (Andrea Pisu eta Giancarlo Seu), Okzitaniako (Yan Cozian) eta Galiziako (Carlos do Viso) ordezkariekin.

Larunbatean, 12:00etatik aurrera irekiko dira luthierrentzat egokitutako postuak, eta bakoitzak bere produktuak erakusteko aukera izango du.

Zabaldu: