Pasa den astean aurkeztu zuten Cristina Eneako bisita antzeztuak Donostian. Hauetan, Cristina Brunetti y Gayoso de los Cobos, Mandasko dukesa, Cristina Eneara itzuliko da hil eta 110 urtera. “Jarduera honen bidez, Fermin Lasala y Collado senarrarekin batera Donostiako bihotzean dagoen Cristina Enea finkaren egilea den Mandasko dukesaren irudia ezagutarazi eta balioetsi nahi da”, azaldu du Jose Maria Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak.
Bisita hauek iragarri eta astebetera, herritarrengan interes handia sortu dutela adierazi du Cristina Enea Fundazioak, eta horren erakusgarri da hemendik ekainera bitarteko saio guztietarako sarrera guztiak oso denbora gutxian agortu direla. Jarduera horrek sortu duen interesa ikusita, beste lau saio programatzea erabaki du fundazioak (bi euskaraz eta beste bi gaztelaniaz), sortutako eskaerari erantzuteko. “Saio berriak maiatzeko eta ekaineko azken larunbatetan izango dira, hau da, maiatzaren 25ean eta ekainaren 29an”, jakinarazi du Hernandezek. Horrela, udaberriko agenda honetarako programatu den bisita gehigarri bakoitzaren ordutegia eta hizkuntza honela geratuko dira: Maiatzak 25, larunbata, 10:30ean, euskaraz; maiatzak 25, larunbata, 12:30ean, gaztelaniaz; ekainak 29, larunbata, 10:30ean, gaztelaniaz; eta ekainak 29, larunbata, 12:30ean, euskaraz.
Sarrerak maiatzaren 2tik aurrera eskuratu ahal izango dira webgune honetako Izen-emateak atalean.
Hernandezek aitortu du bisita antzeztuek sortu duten interesak edozein aurreikuspen gainditu duela, eta gogorarazi du bisiten programak urte osoan jarraituko duela, eta sarrerak herritarren eskura jarriko direla, “udako, udazkeneko eta neguko jardueren agendak argitaratzearekin batera”.
Hernandezek aitortu du bisita antzeztuek sortu duten interesak edozein aurreikuspen gainditu duela, eta gogorarazi du bisiten programak urte osoan jarraituko duela, eta sarrerak herritarren eskura jarriko direla, “udako, udazkeneko eta neguko jardueren agendak argitaratzearekin batera”.
Bisita antzeztuak
Bisita hauetarako gidoi bat landu dute dukesaren bizipenetan eta esperientzietan oinarrituta, eta Josune Gorostegi aktorea, zeinak gidoiaren erredakzioan parte hartu duen, dukesaren azalean sartuko da. “Ahalegin berezia egin dugu bisita antzeztu hauetan, herritarrei XX. mendearen hasierara eramango dituen esperientzia eskaintzeko. Aldaketa handiko garaia izan zen hura, eta Mandasko dukesak inplikazio handia izan zuen, lotura estuak baitzituen bai Estatu espainiarreko monarkiarekin, bai Europako elite aristokratiko eta politikoekin”. Horrela, bisita hauen bidez, Mandasko dukesak aldaketa garai hori nola bizi izan zuen ezagutzeko aukera egongo da, baita Cristina Enea bere lursailaren sortze prozesua ere.
Bestalde, Cristina Enea Fundazioko erakusketa-proiektuen arloko arduradun Eneko Calvok gogorarazi duenez, bisita-programa hau azken urteotan abian jarritako ekimenen jarraipen naturala da, Mandasko dukesaren figura indartzeko eta argia emateko, askotan haren senarraren itzalean egon izan baita. “Cristina Brunetti pertsonaia berezia izan zen, eta pisu handia izan zuen viktoriar garaiaren amaierako Europako mundu mailako gertaera garrantzitsuetan. Horregatik, Cristina Enea Fundaziotik urte batzuk daramatzagu bere figura ezagutzera ematen; dukesaren beraren bustoa jarri genuen Cristina Enea jauregian, 2019an; 2021ean erakusketa berezi bat eskaini genion, eta 2022an bere bizitzari buruzko liburuxka bat argitaratu genuen”. Orain, bisita antzeztu hauei esker, Mandasko dukesaren bizitzara gehiago hurbildu ahal izango gara. “1905ean murgilduko gara, eta figura ospetsu honekin batera joango gara, bere bizitzako une nagusiak eta Cristina Eneako lursaila zeharkatzen ditugun bitartean; dukesaren pentsamenduak eta emozioak aztertuko ditugu, egun batean bereak ziren eta 1918an hiriari utzi zitzaizkion lurrak eta jauregia bisitatzen ditugun bitartean”, azpimarratu du Calvok, eta gogorarazi du Mandasko dukesa ere ingurumen-kezkak zituen emakumea izan zela, Estatuko Historia Naturaleko Erret Elkartearen bazkide fundatzailea izan baitzen.
Oraingo honetarako, XX. mendeko lehen urteetako errealitatea eta Mandasko dukesaren bizipenak egiazkotasunez islatzen dituen gidoiaz gain, garaiko soineko bat ere egin da, Cristina Brunettik berak eraman ohi zituenen tankerakoa. Horretarako, Ramon Garcia jantzi historikoetan adituaren aholkularitza izan dute antolatzaileek. Aholkatzeaz gain, soinekoa bera egin du Garciak, eta horrek, garaiko ileorde batekin eta gainerako osagarriekin batera, Mandasko dukesaren berregite fidela izatea eragiten du. “Bisita hauetarako propio egindako soinekoa da, esperientzia errealistagoa eta murgiltzaileagoa izan dadin lagunduko duena”, azpimarratu du Fundazioko zuzendariak.