Euskal Herriko betiko tradizioak eta egungo jendartearen izaera, desio nahiz erronkak uztartzen dituen esperientzia magikoa da Mari Domingiren Errepublika Magikoa. Abenduaren 17ra arte egongo da zabalik Zamalbide auzoko Añabitarte Baserrian.
Aurten bigarrenez, Añabitarte Baserria (Zamalbide auzoa, 14. Orereta) Mari Domingiren etxe bihurtu da eta haren inguruko zelaiguneak xarmaz, iratxoz eta baratzezainez bete dira. Orereta ikastolako kideek azaldu duenez, “40-45 minutuko musika nota galduaren ibilbidea eginez, Mari Domingiren etxea bisitatuko dute Añabitartera etortzen direnek. Mari Domingirekin berriketan aritu, gutuna eman eta salda bero bat hartzeko aukera izango dute”.
Mari Domingi da errepublika magikoaren zaintzailea, “Eguberri-berriena egia bihurtzen duen jeinua, eta laguntzaileak ere baditu, galtzagorri bihurri bezain jatorrak”. Olentzerorik ez da izango bertan. Eguberri garaia gertu dela eta, Mari Domingik mendian urrun duen bizilekua aldi baterako utzi eta herritik gertuago dagoen etxe baten beharra duela adierazi dio Orereta Ikastolari eta Añabitarte Baserria eskaini zaio aste batzuetarako. Olentzerok badu berea eta han egongo da hura.
Mari Domingiren Errepublika Magikoa abenduaren 17ra arte egongo da zabalik, ostiral, asteburu eta jaiegunetan. Aldez aurretik hitzordua hartu eta sarrera erosi beharko du bisitan etorri nahi duenak www.maridomingi.eus webgunean. “Hala nahi duen herritar orori egin nahi zaio Mari Domingirengana bisitan etorri eta hari eskutitza emateko gonbita”, adierazi dute antolatzaileek.