(argazkia: BFA)

Maria Alonso Paez, Gorka Gondra eta Victor Arrizabalagaren obrekin abiatu da Bosteko erakusketa Arrigorriagan

Kaosetik kosmosera: unibertsoko paisaiak izeneko erakusketak Arrigorriagako Euskaldun Berria erakusketa aretoan eman dio hasiera ibilbideari. Urriaren 6ra arte egongo da bertan.

Artearen berri ematea helburu duen Bosteko erakusketa aurkeztu dute Kaosetik kosmosera: unibertsoko paisaiak izenpean. 26. edizio hau ere, aurrekoetan bezala, herriz herri ibiliko da datozen hilabeteetan. Hala, lehen geldiunea Arrigorriagan egingo du eta bertan, Maria Alonso Paez, Gorka Gondra eta Victor Arrizabalagaren lanak ikusi ahal izango dira. Ondoren, Basaurira egingo du jauzia urriaren 11tik 30era. Getxo izango da lekukoa hartuko duen hirugarren udalerria, azaroaren 2tik 19ra. Ondoren, Zornotzan izango dute ikusgai, azaroaren 22tik abenduaren 12ra, eta Leioa izango da erakusketa hartuko duen azken udalerria, abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra.

Kaosetik Kosmosera: Unibertsoko Paisaiak

Antzinako Greziatik, caos adiera, erakusketaren izenburuaren hasieran dagoena unibertsoaren jatorrizko egoeran zegoen desordenarekin lotzen da, eta, beraz, kosmosa sortu aurretik zegoen hutsunearekin; bertan, materiaren eszenaratzeak artikulazio abstraktu eta informala zuen. Hortik abiatuta, unibertsoaren beraren antolamendua konfiguratu zuten askotariko egiturak eta izar-konposizioak sortu ziren, kosmosa finkatzeko. Hasieran hutsunea zen nagusi, baina unibertsoaren bilakaera hasierako nahasmenetik urrunduz joan zen ordenara bideratzeko, hau da, kaosetik kosmoserako igarobidea sortu zen, non elementu bakoitzak bere lekua lortu zuen, kausaren eta efektuaren legeari lotutako arrazoi baten pean.

Kaos hori sinbolizatzen du Maria Alonso Paezen (Getxo, 1959) pinturak; era berean, entropiarekin lotzen du naturan dagoen desordena- eta nahaste-maila aztertzean, eta termodinamikaren bigarren printzipioarekin, sistema bati dagokion nahasmena oinarri hartuta. Jatorrizko kaos horretatik abiatuta, unibertsoak haztapenerantz eta orekarantz jo du, eta faktore horiek sinbolizatzen dituzte, hain zuzen, Gorka Gondraren (Mungia, 1978) lan abstraktu geometrikoek eta Victor Arrizabalagaren (Mañaria, 1957) pieza organikoagoek, unibertsoan ezkutuan dauden sosegua eta egonkortasuna koka­tzea ahalbidetzen duten proposamenen bidez.

Kaos-kosmos printzipio biak bereiztezinak dira, horregatik, proposamen artistiko hiru hauek premisa kontzeptual horretan biltzen dira. Binomio alterno horren bidez adierazitako unibertsoaren indarrek izar-formak sortzea eragiten dute, eta, aldi berean, suntsitzea, eta energiaren sakabanaketa eta horren ondorioz­ko irudikapen informal eta kaotikoa sortzen da. Hori, berriz ere, pintore getxotarraren paisaia sideralek bermatzen dute; azken batean, kaos berri batean desintegratzen diren sistema ordenatuak dira. Unibertsoaren eraikitze- eta suntsitze-ziklo hori bera sinbolikoki jasotzen da erakusketa-lagin honetan; izan ere, kaosetik ordenara eboluzio bat dago, berriro ere ordenarik gabe geratzeko eta espazioaren ziklo hori etengabe berrabiarazteko.

Eremu astronomikoetan zera ulertzen da: orientazio guztietan bideratzen diren gas-emanazio galaktikoak kaotikoak izan ohi dira hasieran; horregatik, Alonsoren margolanak prozesu hori bera erakusten du, eta, aldi berean, forma oro sortzen duen magma bezala azaltzen da, sistema bat domeinu mota konplexuago baterantz bultzatzen duen hitzaurrea sortuz. Kaosak aukera ematen du ordena kosmiko berera igarotzeko, eta hori modu adierazgarrian bultzatzen dute Gondra eta Arrizabalagaren proposamenek.

Egile horien estetika konformazio abstraktu batean oinarritzen da, aldaera geometriko eta organikoetan, hau da, berau osatzen duten sekzioen arteko egitura-sistemez osatutako lengoaia batean.

Zabaldu: