Euskal emakume zinemagileei zuzendutako ekimena da, eta zinemaren sektorean duten presentzia eta ikusgarritasuna sustatzea du helburu.
Tabakalerak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailak Zineuskadi elkartearekin batera, Noka Mentoring 2022 programaren deialdia ebatzi dute. Emakume zinemagileei zuzendutako ekimena da, eta zinemaren sektorean haien presentzia eta ikusgarritasuna sustatzea du helburu. Noka Mentoringek Hego Euskal Herrian egoitza daukaten zuzendari berrien film luzeen proiektuak lagundu, tutorizatu eta babesten ditu. Laugarren edizio honetan aukeratutako hiru zuzendariak Maria Inês Gonçalves, Andrea Sanchez eta Ainhoa Gutierrez dira.
Hala, datozen hilabeteetan programak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die Maider Oleaga, Mar Coll eta Diana Toucedo zuzendarien eskutik.
Hiru tutore horiek filmen lehen fasearen jarraipena egingo dute, eta deialdian hautatutako zinemagileei egitasmoaren inguruko txosten bat osatzen lagunduko diete zinema arloko beste laguntza batzuk jaso ahal izateko. Hautatutako hiru zuzendariek Noka Mentoringek eskainitako programan parte hartu eta beren proiektuak ahalik eta baldintza onenetan garatzeko 4.000 euroko diru-laguntza jasoko dute.
Parte-hartzaileek Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dituzte euren proiektuak, industria-sektorearen aurrean. Gainera, Zineuskadik amaiera-jardunaldi batzuk antolatuko ditu programaren edizio guztietako parte-hartzaileentzat. Jardunaldi horietan, nazioarteko koprodukzioa sustatuko duen finantzaketa-plan bat taxutuko dute, eta garapen-fasetik jarraitu beharreko marketin-estrategiari helduko zaio. Era berean, orientazioa jasoko da Estatu mailako banaketa eta nazioarteko salmentei dagokienez.
Hautatutako proiektuak
Maria Inês Gonçalvesen En búsqueda de Beatriz lan luzea, Ainhoa Gutierrezen Abaño, 2086 lana eta Andrea Sanchezen El espectro de Justine II filma.