Apirilaren 25etik abuztuaren 25era bitartean bisitatu ahal izango da erakusketa Tabakaleran. Situ-akzioak artearen bidez jolasteko, zentzumenak aktibatzeko, ikasteko eta esperimentatzeko espazioak sortzen dituen proiektua da.
Herri bat behar da mendi bat altxatzeko da Maria Jerez artistak Situ-akzioak programaren edizio berri honetarako sortutako erakusketa. Bere diseinuan IPI Karmengo Ama ikastetxeak eta Herrera ikastetxeak lagundu dute, baita familia talde batek ere.
Erakusketak paisaia batean barneratzera gonbidatzen du bisitaria: paisaia eraldatu egiten da zapaltzen, goratzen, mugitzen, biratzen, putz egiten, laztantzen edota begiratzen dugun bitartean. Eta paisaia bera ere begira daukagu, eraldatu egiten gaitu, eta sartzen, egoten, zeharkatzen edo desagertzen uzten digu, berriro mendi itxurarekin agertzeko.
Antolatzaileen esanetan, “paisaia bat ez dago inoiz bakarrik; besteekin hartu-emanean sortzen da, aldatzen da, bilakatzen da. Tabakaleran sortutako ingurune hau formaz mutatzeko eta aldatzeko gonbidapen bat da, gu geu aldatzen, bihurtzen eta bere ordea hartzen utzi bitartean sumendi, haize, lurrikara, inurritegi, oinezko, jende-olde bihurtze garen bitartean”.
Situ-Akzioak
Esplorazio sentsorialerako jolas proposamen irekiak diseinatzea planteatzen du Situ-Akzioak proiektuak. Horretarako, Tabakalerako lehen solairuan espazio bat eraldatu zuten duela hiru urte, denen artean 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzat pentsatu eta sortuak izan diren jolaserako proposamen askeak bideratu eta bertan sortu, eraldatu eta sinbolizatzeko aukera eskainiz.
Erakusketak apirilaren 24an irekiko ditu ateak arratsaldeko 18:00etan. Larunbatero eta igandero 12:00etan familientzako saio dinamizatuak egingo dira. Erreserbak sarrerak.tabakalera.eus webgunean egin beharko dira.