Maria Markotegi sarietarako lanak aurkezteko epea zabalik da martxoaren 31ra arte

Euskaltegietako ikasleei zein mintzakideei zuzendutako Nanoipuin lehiaketa ere martxan da Sakanan.

Sakanako Mankomunitateak Maria Markotegi sarietara lanak aurkezteko epea zabaldu du martxoaren 31ra arte. Euskara Zerbitzuak urtero antolatzen dituen sariek poesia, komikia, narrazio laburra eta booktubea sustatzeko helburua dute.

Aurkeztutako lanak originalak, aurrez saritu gabeak, argitaragabeak eta euskaraz sortuak izan beharko dira. Horretaz gain, gaia librea izango da, booktubeak izan ezik, horietan irakurritako euskarazko liburu bat aurkeztu beharko da. Liburuaren titulua, egilea(k) eta argitaletxea aipatu beharko dira betiere.

Lan guztiak goitizen batez izenpetuta aurkeztu beharko dira, aparteko gutun-azal batean egilearen datuekin batera. Mankomunitateak lehiaketara aurkeztutako lanak argitaratzeko eskubidea izango duela jakinarazi du, “paperean zein webgunean, betiere egilearen izena adieraziz”.

Nanoipuin lehiaketa

Maria Markotegi sariez gain, Sakanako Mankomunitateak Nanoipuin lehiaketa ere jarri du martxan. Euskaltegietako ikasleei zein mintzakideei dago zuzenduta lehiaketa eta lanak aurkezteko epea irekita dago jada. Lehiaketan euskalduntzen ari den Sakanako edozein pertsonak har dezake parte, baita Mintzakide programako kideek ere. Nanoipuin bakoitzak gutxienez 100 hitz eta gehienez 150 izango ditu eta bakarka idatziak izan behar dute. Euskara hutsean idatzitako lanak eta argitaragabeak izango dira. “Indarkeria, sexismoa, arrazakeria edo bestelako eskubide urraketak sustatzen dituzten lanak ez dira onartuko”, adierazi dute antolatzaileek.

Lehiaketak hiru maila ditu: 1. mailan A1 eta A2 mailetako ikasleek har dezakete parte; 2. mailan B1 mailako ikasleek; 3. mailan B2 eta C1 mailetako ikasleendako da.

Lanak Internet bidez bidali beharko dira sakana-mank.eus webguneko orrialde honetako formulariotik: https://sedeelectronica.sakana-mank.com/eu/euskera-nanoipuin-lehiaketa.

Zabaldu: