Adolescencia eta Pintura izeneko obrak dira ikusgai jarri dituztenak.
Irailaren 22ra bitartean, Maria Paz Jimenez artistaren garai ezberdinen erakusle diren bi lan ikusgai izango dira Donostiako San Telmo Museoko Nabarmendutako Obra atalean. Aretoan espazio berezitu bat prestatu da eta aldian-aldian, denbora batez, arreta obra jakin batera erakartzea ahalbidetuko du. Hala, Ramon Corazarren Balneario La Perla del Óceano obraren lekukoa hartuta, uda osoan ikusteko moduan izango dira Jimenezen bi margoak.
Maria Paz Jimenez Valladoliden jaio arren, Donostian bizi izan zen sei urte bete zituenetik. 1936an Buenos Airesera joan zen, eta hantxe ekin zion bere karrera artistikoari. 1948an Parisera egin zuen bidaia bati esker arte abangoardista frantsesarekin jarri zen harremanetan.
Jakin-minez eta esperimentaziorako zabalik bizi zen eta etengabeko harremana izan zuen Donostiako giro artistiko eta kulturalarekin. Hainbat erakusketa, topaketa eta solasalditan hartu zuen parte beste artista askorekin, hala nola, Txillida, Oteiza, Ruiz Balerdi, Sistiaga edo Celayarekin.
Jimenezek formekin eta koloreekin esperimentatu zuen. Artea bizitzeko zeukan modu berezia oinarri eta, estilo propioarekin, bere ibilbide artistikoak hainbat estilotan sakon lan egitera eraman zuen, bere lanean nabarmentzen diren bi elementu uztarturik: intimismoa eta subjektibotasuna.
San Telmo Museoak haren obraren lagin garrantzitsua dauka. Hauek dira Nabarmendutako Obra atalean ikusgai jarritako bi lanak:
Adolescencia (Ca 1948), olioa mihise gainean, 92×73 zm. Fantasia surrealistaren garaia atzean utzita, Jimenezek nerabeen irudiz jantzi zituen koadroak; gehienetan emakumezkoak ziren eta jolasean edo paseoan pintatzen zituen orban kromatiko handien gainean. Irudi errazak ziren, sarri naive kutsuarekin, pintura goxo eta baikorrak.
Pintura (1960-1962), olioa mihise gainean, 97×130 zm. Hainbatetan izan zen Parisen eta 1956an egindako bidaia batetik bueltan, hala aitortu zuen Jimenezek: “arte abstraktuarekin liluratzen hasita nago”. Garai hartan ekin zion materialetan oinarritutako informalismoari; pintura plastikoak eta hondarrak erabiltzen hasi zen, ukitzeko moduko erliebe zimurtsu eta adierazgarriak egiten.
Egun museoan ikusgai dagoen Elkarrizketa bat: Txillida eta arteak. 1950-1970 erakusketan ere Maria Paz Jimenezen beste bi lan daude.