Balmasedarrak zazpi kantuz osatu du disko berria, bere ibilbideko zintzoenak bezala deskribatzen dituenak. Ia hiru urteko geldialdiaren ondoren inoiz baino lasaiago eta indartsuago itzuli da.
Maria Rivero musikariak bere bakarkako bigarren diskoa argitaratu du Lerro paraleloak izenpean. Balmasedakoak azaldu duenez, “lerro paraleloen kontzeptua oso poetikoa iruditzen zait, beti distantzia berean mantentzen duten zuzenak dira eta infinituraino luzatzen badira ere ez dira inoiz gurutzatuko. Danok ditugu lerro paraleloak gure bizitzetan, batzuetan zaletasunak dira, abestiak, liburuak, pertsonak… eta oso iradokitzailea iruditzen zait ideia hori”.
Disko honen kaleratzea pausatua izan dela eta izango dela dio Riverok “gero eta gehiago estutzen gaituen eta anorexia kultural batera garamatzan gizarte honetan diskoaren promozioan lasaitasuna jarri nahi dut. Plataforma digitaletan azaroaren 2an argitaratu nuen, formatu fisikoa abenduaren 7tik aurrera jarriko dut salgai eta bira pixkanaka iragarriz joango naiz, ez dut presarik ezta nire musikak ere”, adierazi du konpositoreak lan berria iragartzean.
Riverok zazpi kantuz osatu du disko berria, bere ibilbideko zintzoenak bezala deskribatzen dituenak. Ia hiru urteko geldialdiaren ondoren inoiz baino lasaiago eta indartsuago itzuli da.
Bakarkako bigarren disko hau TAOM estudioetan ekoitzi du, Jagoba Ormaetxearen zuzendaritzapean. Musikari bizkaitarra pozik agertu da lortutako emaitzarekin, “Jagobak ia nik adina mimatzen jakin du melodia bakoitza, ideia bakoitza, eta oso pozik nago azken emaitzarekin”, nabarmendu du.
Lerro paraleloak lanak erregistro-aldaketa dakar; Riveroren ahotsak inoiz baino garrantzi handiagoa hartu du, eta bere osotasunean estilo pertsonal eta berria lortu du, bide berri baten hasiera definitzen duena.