(argazkia: Elkar argitaletxea)

Maribel Aiertzak ‘Ezer ez da dirudiena’ ipuin liburua ondu du, artearen munduan girotuta

Lan honen berezitasun nagusia artea da, “ipuin guztiak artearen girokoak dira, baina kontuz! Artean ezer ez da dirudiena, eta hemen ere usteak ezuste bihurtzen dira”, adierazi du idazleak.

Maribel Aiertza idazleak Ezer ez da dirudiena izeneko ipuin bilduma kaleratu du Elkar argitaletxearen eskutik. Etxebarritarrak artearen munduan girotutako zortzi narrazioz osatu du lana, fikzioa eta errealitatea uztartuz.

Idazleak azaldu duenez, “ahalegin berezia egin dut paleta koloretsua eskaintzeko, margolari baten moduan, ipuinok irakurgarriak ez ezik, ikusgarriak izan daitezen, koadroak balira bezala”. Izan ere, liburu honen berezitasun nagusia artea da, “ipuin guztiak artearen girokoak dira, baina kontuz! Artean ezer ez da dirudiena, eta hemen ere usteak ezuste bihurtzen dira”.

Egoera arrunt eta zelebreetan ageri dira liburu honetako pertsonaiak. “Artea gai eta giro, zortzi narrazio hauetako narratzaileak eta protagonistek ertz ezberdinetatik arakatuz artearen paisaia fisiko eta emozionalak bistaratuko dituzte: Van Gogh margolari ospetsuaren ezkerreko belarria ikusgai jarri duen erakusketa; museoko lorezainak lapurturiko grabatuaren ezkutalekuan agertutako hilotzaren kasua; Gabonetako jaiotzak museora garraiatzean, bi tarantulek sorturiko nahasmena eta deskalabrua; koadro baten aurrean musean jolasean aurkitu eta ospitaleratutako aitonaren istorioa; mutil-lagunaren hitzordura joanda grafitigile talde batekin eta guardia zibilarekin endredatzen den neskaren abenturak eta desbenturak…”

Aiertzarentzat ipuin hauek jolas hutsa izan dira, “kolore aniztasunaren bila eta ustea ezuste bihurtzeko joko horretan ibili naiz. Hala ere, narrazio guztiak giro berekoak izan arren, bakoitza teknika eta ikuspuntu ezberdinak landuz egin ditu.

Zabaldu: